Fecha actualización:
  • Azken eguneratzea: 2018/03/20
Seleccione su idioma:
inprimatu bidali Aa Aa
Errenteria

?

Atlantikaldia 2018 

Irailaren 20tik 23ra ospatuko da jaialdia.

Sorkuntza artistiko ezberdinak sustatuko ditu jaialdiak, Itsas Korronte ezberdinak hain zuzen ere, eta horretarako Itsas Elkarrizketak indartu eta Itsas Topalekuak zabalduko ditu.

Iazko edizio arrakastatsua eta gero, Atlantikaldiak jadanik herritarren artean bere lekua eginda dauka. Jaialdi sendoa bilakatu da Errenteriakoa eta iazko lau egunetan zehar izan zen aparteko giroa ere jaialdiaren arrakastaren erakusle da. 2017ko edizioa kalitatezkoa, berritzailea eta parte-hartzailea izan bazen, antolatzaileek diote aurtengo edizioari “sorkuntza, heldutasuna eta, batez ere, kultur aniztasun zabalagoa” gehituko zaizkiola.

Hori dela eta, Kultur Topagune eta Musika Jaialdiaren bosgarren edizioa osatzeko lanetan hasi da jada Errenteriako Udala. Aurreko urtetako bidetik, Itsas Elkarrizketak indartu eta Itsas Topalekuak mantenduko dituzte. Aurten gainera, era berezian landuko dira korronte artistiko ezberdinak: estilo eta musika mota ezberdinak plazaratuko dira eta mundu mailako mugimendu kulturalei leihoak irekiko dizkio 2018ko Atlantikaldiak. Kultur topagune den aldetik, kulturen arteko elkartrukeak ahalbidetuko ditu herriko zein kanpoko eragileen arteko elkarlana bultzatuz.

2018ko leloa: Itsas Korronteak

Jaialdiaren antolatzaileek adierazi dutenez, “garai bateko marinelen antzera, itsasoa ulertu eta bere baitan duen indarraz baliatuta egin beharko genuke aurrera, elementuei bizkarra eman beharrean, elkarren artean lagunduz. Itsas korronteak izan ziren munduarekin konektatu gintuztenak eta munduarekin dugun loturak inoiz baino handiagoa dirudienean, konexio hau inoiz baino azalekoagoa da. Atlantikaldiak bere ekarpena egin nahi du zentzu honetan, herri ezberdinetako pertsonen, kulturen eta ohituren
arteko harremana sendotuz”.

Hortik sortu dute aurtengo lelo izango den Itsas Korronteak kontzeptua: “itsas korronteek izaera ezberdinak dituzte, aldakorrak dira, norabide asko dituzte, eraldaketan eta eraldatzen dihardute, elkartu eta banatu egiten dira, gurutzatu egiten dira, mugarik ez dute ezagutzen, mugimendua eta joerak irudikatzen dituzte… baina denak itsaso beraren zati dira eta Atlantikaldiak ere, itsaso horretan eragin nahi du”, esan dute.

Itsas Elkarrizketak

Jaialdiaren izpirituari jarraiki, Itsas Elkarrizketak programaren barruan, hizkuntza, kultura eta jatorri ezberdineko artistak elkarlanean jarriko ditu Atlantikaldiak aurtengoan ere; “eszenatokian elkarbizitzen eta jaialdiaren izaera indartzen”.

Honen adibide izan dira Dobet Gnahore Boli Kostako abeslariak eta Kalakaneko kideek 2015ean eskainitako kontzertu ahaztezina; Kepa Junkerak eta bere Sorginek, Chet Nuneta Frantziako taldearen ahots polifonikoak uztartuz 2016an egindakoa; edo iazko edizioan Kukai Dantzak bere ibilbidean izan dituen artista lagunekin taularatuko ikuskizun berezia, besteak beste.

Antolatzaileen hitzetan, “Itsas Elkarrizketek jaialdi berezi bilakatzen dute Atlantikaldia ikuskizun bakar eta errepikaezinak sortuz”.

Itsas Topalekuak

2017ko edizioko jaialdiak hasi zuen herriaren eraldaketa Itsas Topalekuak irudikatuz. Topaleku hauen bitartez hiriko zenbait espazio eraldatu ziren aurreiritzi gabeko guneak bihurtuz eta hauek, Atlantikaldia ikuspegi zabalarekin gozatzea ahalbidetu zuen. Aurtengoan, Itsas Topaleku hauek zabaldu eta areagotzea da asmoa.

Egitarau zabal eta parte hartzailea

Eragileen proposamenek elikatzen dute jaialdiaren programazioa. Errenteriarrek ematen diote nortasuna jaialdiari, eta euren parte-hartzea sustatu nahian, aurreko edizioetan bezala, Udalak herritarren proposamenekin osatu eta aberastu nahi du jaialdia. Horretarako apirilaren 9tik maiatzaren 11ra irekiko da proposamenak bidaltzeko epea Atlantikaldiaren webgunean.


| Herriko plaza, 1 - 20100. Telefonoa: 943 449600, Faxa: 943 449650 | © Errenteriako Udala · Ayuntamiento de Errenteria