% 0 interesean mikrokredituak Udalaren eta Errenterian bulegoa duten 4 finantza-entitateren eskutik

IƱigo Araneta, Moises Alvarez eta Ainhoa Ibarburu, Laboral Kutxako, Kutxabankeko eta BBVAko Errenteriako bulegoetako zuzendariak, hurrenez hurren, Garazi Lopez de Etxezarreta Ogasun zinegotzia eta Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea

Rural Kutxa, Euskadiko Kutxa, Kutxabank eta BBVA finantza-entitateek Udalarekin elkarlanean % 0 interesean eskura daitezkeen 5.000 eurora arteko maileguak eskaintzen ari dira. Dirulaguntza hau eskuragai dago jadanik.

Joan den ostiralean azaldu zen moduan, Covid-19aren ondorioz bizi duten egoera zaila dela eta, Udal talde politiko guztiek merkataritzari, ostalaritzari eta beste hainbat kolektibori laguntzeko Udalak hartutako 4 neurri berri aurrera ateratzea erabaki zuten.

Laguntza horiek jarraipena ematen diote udal talde politiko guztiek 2020ko apirilean adostu eta aurkeztutako Talka Planari. Gaurkoan, 4 neurri horietako bat modu zabalean aurkeztu dute. Hain zuzen ere, Talka Planaren 6. neurria, COVID-19ak sortutako kalte ekonomikoak leuntzeko eskatutako mikrokredituen finantza gastuak estaltzeko dirulaguntza deialdia.

Gaurko agerraldian, dirulaguntza hau gauzatzeko herriko finantza-entitateekin egindako lana jarri nahi izan da balioan. Horren adierazle, Errenteriako Udalak eta Rural Kutxak, Euskadiko Kutxak, Kutxabankek eta BBVAk gauzatutako lanketa.

Elkarlan honen bitartez egoera zail honetan herriko enpresa txiki eta autonomoen finantza beharrei erantzuten zaie, Udalak interesak estaliaz eta egitasmoan parte hartzen duten lau finantza-entitateek baldintza egoki batzuetan maileguak eskainiaz.

Udalarentzat oso positiboa da finantza-entitate batzuk erakutsi duten elkarlanerako prestutasuna eta guztion artean ehun ekonomikoaren likidezia beharrei laguntza bateratu bat eskaintzeko erakutsitako gaitasuna.

Dirulaguntzaren ezaugarriak
Hauek dira dirulaguntza honen ezaugarri zehatzak:

GUZTIRA DEIALDIAN JASOTZEN DEN ZENBATEKOA: 50.000 euro. Eskaera gehiago jasoko balira kopuru hau zabalduko litzateke.

ONURADUN BAKOITZAK ZENBAT: Gehienez ere 300 euro.

HARTZAILEAK: Mikroenpresak, autonomoak, lehen sektoreko autonomoak, elkarte gastronomikoak, Errenteriako merkatu txikietan jarduten diren saltzaileak eta taxistak.

MIKROKREDITUEN EZAUGARRIAK: 5.000 euro gehienez eta 4 urteko iraupena, interesa gehienez % 2,5 2020/10/27tik aurrera formalizatutako maileguetan. Ondorioz % 0 interesa.

2020ko urriaren 27a baina lehenago eskatutako mikrokedituetan gehienez ere 300 euro estaliko dira.

ESKAERAK AURKEZTEKO EPEA:2020ko urriaren 27tik 2020ko abenduaren 31 arte.

Mikrokredituak finantza-entitateetan bertan eskatu behar dira eta laguntza hau jadanik eska daiteke, hemen: https://errenteria.eus/covid19-dirulaguntzak/#6-lerroa-mikroenpresa-eta-autonomoei-sortutako-kalte-ekonomikoak-leuntzeko-eskatutako-mikrokredituen-finantza-gastuak-arintzeko-dirulaguntza