1976an Errenteriako alkate izandako Julian Yuste hil da

Igandetik astelehenerako gauean hil zen Julian Yuste, bere jaioterrian Pedromuñozen (Ciudad Real). Yuste Errenteriako alkatea izan zen 1976ko martxotik uztailera.

1976ko martxoan Ramon Mugica aurreko alkateak bere borondatez dimisioa eman ondoren, Yuste izendatu zuten kargua betetzeko. Hiru hilabete geroago, dimisioa aurkeztu zuen, goiko auzoetako saneamendua hobetzea eskatzeko Galtzarabordan egindako manifestazio batean Guardia Zibilak izan zuen esku-hartze gogorraren aurrean. Gertakari hauei buruzko xehetasun gehiago kontsulta daitezke Oarso aldizkariko 1976 eta 1980 zenbakietan Rafael Bandresek idatzitako ‘Efemérides renterianas’ atalean.

Auñamendi entziklopediak jasotzen duenez, 1979an, EAJko batzarkide hautatu zuten Batzar Nagusietarako hauteskundeetan, eta 1983ko hauteskundeetan Batzar Nagusietarako prokuradore Bidasoa-Oiartzun eskualdean. 1987ko udal hauteskundeetan zinegotzi hautatu zuten EA alderdiarekin aurkeztuta.