2020an hondakinen gaikako bilketaren tasa % 62,8ra iritsi da

Hondakinen sektorea da klima-aldaketaren krisiaren arduradun handienetakoa, gure gizarteak baliabide eta lehengai asko kontsumitzen eta xahutzen dituelako. Ezin dugu ahaztu Eusko Jaurlaritzak 2019ko uztailaren klima-larrialdia aitortu zuela.

Hiru urte igaro dira udal-talde guztiek aho batez onartu zutenetik Hondakinen Udal Ordenantza. Tokiko araudi honek modernizatzen du hondakinen kudeaketaren inguruko erregulazioa, Europar Batzordeak ezarritako hierarkian eta lehentasunetan jarrita arreta.

2017an Udalak arautu zuen etxeko eta merkataritzako hondakinak jatorrian gaika bereizteko betebeharra, eta, behingoz, frakzio organikoaren bilketa jaso zuen (biohondakinak); frakzio hori etxeko hondakinen % 40 da.

Halaber, Ordenantzak ezarritako marko berriak aukera eman zuen hondakinen gaikako bilketaren % 60ra iristeko helburua finkatzeko.

Eta ordenantzari eta Errenteriako herritarrak arduratsuak izateari esker, 2020an berriz ere iritsi gara HHSen % 62,8 gaika biltzera, 2014ko % 31,8aren, 2016ko % 42,3aren eta 2019ko % 60,3aren gainetik.

Horretarako, zerbitzu eta baliabide berriak ezarri eta egokitu behar izan dira:

– bosgarren edukiontzia (marroia)

– gaikako bilketa modernorako kamioi eta ekipo berriak

– HHSen jarraipena egiteko programa informatiko berritzailea: Dorlet Dass

– doako poltsa konpostagarriak banatzeko zazpi makina

– etxeko hondakin toxiko eta arriskutsuetarako bi atoi

– hondakin handien bilketa (altzariak)

– kalerako zakarrontzi misto berriak, gaikako bilketarako egokiak

– fiskalitate berdea: hobariak

– hondakinen inguruan herritarrak informatzeko eta sentsibilizatzeko ingurumen-kanpaina iraunkorrak

Aipatu behar da Udaltzaingoa inplikatuta dagoela Ingurumenaren babesa eta osasun publikoa bermatzen dituzten legeak aplikatzeko. Horretarako, jarraitzen dute isunak jartzen Hondakinen Udal Ordenantza urratzen dutenei eta zigortzen hondakinak kalean uzten dituztenak edo sortutako hondakinak birziklatzen ez dituztenak, oraindik ere horrelako jarrerak ikusten baitira gure kale, auzo eta mendietan.

Prest egon behar dugu, birziklatzearen inguruko helburu komunitarioak geroz eta anbizio handiagokoak izango direlako eta horietara egokitu beharko dugulako, gutxituta gure kontsumo-mailak eta planetan dugun inpaktua, eta, aldi berean, hobetuta Errenteriako bizi-kalitatea.