Errenteriako LGTBI+ pertsonen bizi-baldintzak hobetzeko ekintza-plana aurkeztu dute
Errenteriako Tokiko Gobernu Batzarrak maiatzaren 17an onartu zuen Errenteriako LGTBI+ ekintza-plana eta atzo dokumentuaren aurkezpen publikoa egin zen Emakumeen Etxean.
Azken hilabeteetan LGTBI+ pertsonekin eta eragileekin egin den lanketaren ondorioz datozen urteetarako adostutako bide-orria aurkeztuko zen bertan.
Erreteriako LGTBI+ pertsonen bizi-baldintzak hobetzeko helburu orokorra lortzeko, 4 helburu espezifiko zehaztu dira:
1. LGTBI+ pertsonen ikusgarritasuna eta errekonozimendua lortzea
LGTBI+ pertsonen errealitateak ikustarazteko neurriak bultzatzea, pertsona bakoitzak nahi duen moduan bizitzeko eta esperimentatzeko askatasuna izan dezan.
2. LGTBI+ pertsonen bizi-baldintza sozialak, materialak eta emozionalak bermatzea
LGTBI+ pertsonek jasaten dituzten indarkerien prebentzioan eta sentsibilizazioan lan egitea, bizitza libre eta osoa berdintasun-baldintzetan egin ahal izan dezaten.
3. LGTBI+ pertsonak indarkeriarik gabe bizitzea
LGTBI+ pertsonen diskriminaziorik eza bermatzea hainbat espaziotan, eta LGTBI+ komunitatearen bizitzak eta esperientziak bizigarriagoak egiteko neurriak martxan jartzea.
4. LGTBI+ pertsonen sozializazioa, zaintzak eta parte-hartze komunitarioa sustatzea
LGTBI+ pertsonentzako sozializazio-espazioak babestea eta bultzatzea elkartasun, afektu eta zaintza-sareak sortzeko.
Era berean, 4 helburu zehatzak lortzeko, lanerako 8 lan-ildo zehaztu dira eta lan-ildo horiek jasotzen dituzten ekintzak modu transbertsalean eta dinamikoan eragingo diete definitutako helburu zehatzei: memoria; protokoloa; sentsibilizazioa, hezkuntza; arreta eta saretzea; LGTBI+ zahartzaroa; kultura, aisia eta kirola eta gobernu ona.
Epeari dagokionez, ekintzak hiru epe orientagarritan sailkatu dira: motza, ertaina eta luzea.
Azkenik, epe-motzeko ekintzen multzoan lehentasunezko 4 ekimen adostu dira:
– Aholku Kontseiluaren sorrera
– Egun esanguratsuetako programazioak
– Aholkularitza zerbitzua
– Memoria jasotzeko ikerketa beka.
Ekintza-plana hemen ikus daiteke, eta laburpen-eskuorria, berriz, hemen.