Errenteriako Udaleko talde politiko guztien artean adostutako adierazpen instituzionala, Errenterian jazotako sexu erasoa salatu eta emakumeari babesa adierazteko

Errenteriako emakume batek jasan duen sexu erasoaren aurrean, Errenteriako Udaleko alderdi politikoek, aho batez, ondorengo adierazpen instituzionala adostu dute:

1.- Errenteriako Udalak erabat gaitzesten du Errenterian gertatutako sexu erasoa eta zero tolerantzia adierazten du eraso matxista guztien aurrean.

2.- Errenteriako Udalak erasoa jasan duen emakumeari babesa adierazi eta eskura dituen bitartekoak eskaini nahi dizkio, erreparazioan bidelagun izan nahian.

3.- Horrelako gertaerak ez ditugu gure jendartean onartzen eta erakunde gisara lanean jarraituko dugu emakumeok indarkeria matxistarik gabe bizi gaitezen. Halaber, Errenteriako Udalak herritarrak gonbidatzen ditu, eta bereziki gizonezkoak, beren jokabide eta jarrerei arretaz erreparatzera eta edonolako erasoren aurrean jarrera aktiboz jokatzera.

4.- Udalak bat egiten du erasoa gaitzesteko Mugimendu Feministak azaroaren 29an 19:00etan Niessenen deitu duen elkarretaratzearekin eta herritarrei bertan parte hartzeko deia luzatzen die.