Udalak suziri eta petardoak ez erabiltzeko eskatu nahi die herritarrei

Jaiegun hauetan petardo eta leherkari txikiak erabiltzeko ohitura handia egon ohi da, eta Udalak, aurten ere, dakarten arriskuez eta albo-kalteez ohartarazi nahi ditu herritarrak. Horrelakoak darabiltzatenek zein inguruan daudenek min hartzeko arriskua edukitzeaz gainera, zaratarekiko hipersentiberak diren herrikideak ditugu eta haientzako ere oso kaltegarriak dira suziri eta petardoek eragindako zaratak. Gainera, ez dugu ahaztu behar, suteak sor daitezkeela ere. Horregatik guztiagatik, suziri eta petardoak ez erabiltzeko eskatu nahi die herritarrei Udalak.

Edonola ere, indarrean dagoen Lehergailuen Araudia gogorarazi nahi die Udalak herritarrei. Honen arabera, debekaturik dago honako artikulu piroteknikoak saldu eta erabiltzea, kategoria eta adinaren arabera sailkatuta:

1. kategoria:12 urtetik beherakoak
2. kategoria: 16 urtetik beherakoak
3. kategoria: 18 urtetik beherakoak

Bestalde, suziri eta petardoak pisu eta etxebizitzetako balkoietatik eta leihoetatik jaurtitzea debekaturik dago, baita lokal itxietan eta pertsonak biltzen diren lekuetan erabiltzea ere.