Astelehenean irekiko dira berriro Fanderiako igerilekuak

Argazkian: Aizpea Otaegi alkatea eta Leire Mazizior Kiroletako zinegotzia igerilekuen aurrean

Fanderiako igerilekuko estalkia aldatu eta berritzeko lanak amaituta, igerilekua eta hidroterapia eremua betetzeko eta martxan jartzeko behar diren maniobrak egin dira aste honetan zehar. Horrela, datorren astelehenean, maiatzak 13, irekiko da berriz instalazioa.

Fanderiako igerilekuko estalkia osorik eraberritzea erabaki zuen iaz Udalak, Fanderiako instalazioen estalki mugikorraren egoerari eta egiturari buruz txostena egin ondoren. Lan horien helburua zen instalazioen segurtasuna mantentzea eta instalazioak hobetzea. Izan ere, igerilekuetarako sarbidea hobetu da udararako, eta neguan erosoago erabiltzeko aukera emango du.

Estalkia ordezkatzeaz gain, klimatizazio-sistemaren hodiak ere aldatu dira. Horri esker, sistemaren errendimendua ezin hobea izango da eta energia asko aurreztuko da instalazioaren kontsumoan. Hain justu, obrak martxan jarri ondoren txertatu zen hobekuntza hau proiektuan eta horrek eragin du hasieran emandako epea luzatu izana.

Igerilekuak udaldian funtzionatzeko, alboko fatxadetan ate irristailuen sistema ere jarri da berdegunearekin kontaktu handiagoa lortzeko eta eraikina iragazkorra izateko.

Obren kostu osoa 637.155,48 eurokoa izan da eta kontratuan zehaztutako epean gauzatu dira. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Sailak 167.525 euroko dirulaguntza eman dio Errenteriako Udalari, 2024 urterako ‘Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planaren’ barruan.

Instalazioaren ordutegia

Instalazioaren ordutegia honako hau da: 7:00etatik 22:00etara astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 21:30era larunbatetan eta 9:00etatik 14:00etara igandeetan. Ekainaren 17tik aurrera hasiko da udako denboraldia eta 9:00etatik 22:00etara ordutegi jarraituarekin funtzionatuko du igerilekuak, asteko egun guztietan.