2050 euro arteko dirulaguntza zuzena Errenteriako ostalaritzari

Itsaso Garaiar, Ostari; Aizpea Otaegi, Errenteriako alkatea; Eneko del Amo, Garapen Ekonomiko zinegotzia; eta Fernan Cuellar, Ostari.
  • Errenteriako Udalak herriko ostalaritza sektoreari zuzendutako dirulaguntza zuzenak jarri ditu martxan.

Azaroaren 10ean azaldu zen moduan, Covid-19aren ondorioz bizi duten egoera zaila dela eta, Udal talde politiko guztiek merkataritzari, ostalaritzari eta beste hainbat kolektibori laguntzeko Udalak hartutako 4 neurri berri aurrera ateratzea erabaki zuten.

Laguntza horiek jarraipena ematen diote udal talde politiko guztiek 2020ko apirilean adostu eta aurkeztutako Talka Planari. Gaurkoan, 4 neurri horietako bat modu zabalean aurkeztu dute. Hain zuzen ere, Covid-19ak sortutako kalte ekonomikoak leuntzeko Errenteriako ostalaritza sektorera bideratutako dirulaguntzak.

Dirulaguntza honen bitartez Covid-19aren ondorioz hartutako neurriek bereziki gogor zigortu duten ostalaritza sektorea lagundu nahi da. Lehenengo alarma egoeran egin zuen moduan, Udalak dirulaguntza zuzenak jarri ditu berriro martxan. Kasu honetan ostalaritzari zuzendutakoak eta beste erakunde batzuk emango dituzten dirulaguntzekin bateragarriak izango direnak.

Sektorearekin egindako kontraste desberdinen ondotik hauek dira laguntzaren ezaugarri nagusiak:

1350 euro guztientzat. Beste 150 euro guztientzat abenduan martxan jarriko den bonu kanpaina berriaz baliatzerik izango duten edo ez Udalak ez dakielako. Beraz, 1500 euro guztientzat.

Honez gain, mailegu bat dutenek beste 250 euro eskura ditzakete eta alokairua ordaintzen dutenek, beste 300 euro. Beraz, guztira gehienez 2050 euro jaso ditzake jarduera bakoitzak.

Dirulaguntzaren ezaugarriak:

GUZTIRA DEIALDIAN JASOTZEN DEN DIRUA: 300.000 euro. Eskaera gehiago jasoko balira kopuru hau zabalduko litzateke.

ONURADUN BAKOITZAK ZENBAT: 1500-2050 euro bitarte.

HARTZAILEAK: Errenteriako ostalaritza sektorea.

ESKAERAK AURKEZTEKO EPEA: 2020ko azaroaren 20tik 2020ko abenduaren 11rarte.

ESKAERAK AURKEZTEKO ENTITATE KOLABORATZAILEAK: Errenkoalde eta Oarsoaldea Garapen Agentzia.

  • Errenkoalderekin harremanetan jartzeko:

Astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 16:00etara.

Aurrez aurre: Beheko kalea, 2.

Telefonoz: 943 514 553

Emailez: errenkoalde@errenkoalde.org

  • Oarsoaldea Garapen Agentziarekin harremanetan jartzeko:

Eskaerak astelehenetik ostiralera egingo dira, 09:00etatik 14:00etara, Errenteriako Turismo Bulegoan (Madalen kalea, 3), aurrez hitzordua eskatuta. Eusko Jaurlaritzak emango dituen dirulaguntzak izapidetzeko laguntza ere emango dute. Hitzordua edo informazioa eskatzeko telefono zenbakia 943 494 129 da.

Laguntza honen oinarriak hemen daude eskuragai.

Ostari

Ostarik eskerrak eman dizkio Udalari Errenteriako ostalaritzari zuzeneko dirulaguntza moduan 300.000 euroko ekarpena egiteagatik, are gehiago une honetan establezimenduak berriro itxi beharrean aurkitzen direnean. Gogorarazi dutenez, atzo abenduaren 10era arte luzatu zituzten Eusko Jaurlaritzaren urriaren 6ko dekretuaren bidez hartutako neurriak, eta, beraz, itxierak 5 aste iraungo du, gutxienez.

“Ostalaritzarentzat prozesu hau oso luzea egiten ari da, bi itxierak eta 8 hilabete hauetan izan ditugun murrizketak oso egoera zailean uzten ari dira sektorea”, adierazi dute.

Halaber, azpimarratu dutenez, “apirilean aktibatutako talka-planak eta egunotan publiko egiten ari diren neurri ekonomikoek Udalbatzaren babesa dute, eta horren ondorioz, nahiko genuke hori erantzukizun eta botere ekonomiko handiagoa duten goragoko instantziei oreka handiagoa bilatzeko eskaeran bilakatzea, aldarrikatzen diren arauen eta horren ondorioak arintzeko neurri ekonomikoen artean”.

Azkenik, aurreratu dute azaroaren 28an, larunbata, Oarsoaldea mailako manifestazioa egingo dutela. 17:30ean izango da, Zumardian.