50 bizikleta banatuko ditu Errenkoaldek herrian erosketak egiten dituztenen artean

Honako hontan 50 bizikleta banatuko ditu herrian erosketak egiten dituztenen artean. Horretarako kartilla batzuk banatzen ari dira herritarren artean eta kanpainan parte hartzen duten dendetan 30 eurotik gorako erosketa bat egiten den bakoitzean zigilu bat jarriko dute dendariek. 10 zigilu biltzen direnean azkar aurkeztu beharko da kartilla Errenkoalderen bulegoan, lehenengo 49 pertsonek bizikleta irabaziko baitute zuzenean.

Gainera, hamar zigiluak biltzen dituzten gainerako pertsonen artean beste bizikleta bat zozketatuko dute urtarrilaren 2an.

Kontuan izan behar da kartilla ez duela pertsona bakarrak bete behar, hau da, adibidez familiako hainbat kideren artean edo zenbait lagunen artean bete daitekeela, ez baitago pertsona bati lotuta.

Kanpainaren helburu nagusiak dira herriko merkataritza eta mugikortasun jasangarria sustatzea. Udalak ere bat egin du ekimenarekin, kontziente delako bertako merkataritzaren garrantziaz herri bizia izateko, eta bat datorrelako mugikortasun iraunkorra bultzatzearekin.

Parte hartzen ari diren saltokiak

Errenkoaldeko bazkide diren dendak ari dira parte hartzen momentuz, baina oraindik ere beste saltokiren batek parte hartu nahi badu aukera badagoela adierazi dute antolatzaileek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude