Abian da Herri Arte Eskola

Egungo Musika eta Dantza Eskolak aldaketa esanguratsu batzuekin ekingo du datorren ikasturtea, izan ere, irailetik aurrera Herri Arte Eskolaren lehen irudikapena egikaritzen hasiko da hainbat alorretako eskaintza eraberritu eta aukera berriak eskainiz.

Udal Patronatuak 2013an onartu zuen hezkuntza erakundea birformulatzeko beharra heziketa artistikorako eskaintza publikoko beste eredu bat izatera igaro zedin. Aurreko agintaldi planean berariaz jaso zen Arte Eskola bilakatzen hastera begirako helburu eta erronkari heltzea, eta bide horretan egun urratzen ari garen 2019-2023 agintaldi planean “aro kultural berri bati bidea zabalduz hiritar guztientzat eskaintza artistiko integral, bateratu eta berritzaile bat garatzea helburu izango duen Arte Eskola” egikaritzen hasteko mandatua eman zion udal gobernuak erakunde autonomoari. Lehen pausu gisa ikasturte honetan bertan antzerkia Eskolatik bertatik eskaini da.

Etorkizunera begirako norabidea irudikatzerako orduan aproposa da kontuan hartu diren zenbait irizpide ideologiko edota pedagogikoren berri ematea, hala nola, hezkuntza arautuan arteak duen presentzia eta ikuspegi mugatua indartu nahi izatea, arte diziplina ezberdinetarako sarbidea demokratizatzea, ildo jakin batean gaitasunak trebatzeaz batera beste arte diziplinekiko sentsibilizazioa areagotzea, gorputz adierazpena eta sormena hezkuntza proiektuaren ardatzetara ekartzea, ikusle/entzule perfilak eskolako ikasle guztien identitatean txertatzea, herriko, eskualdeko eta herrialdeko sortzaile zein kultura edota arte egitasmoei arreta eskainiz harremanak sustatu eta lankidetza proiektuak gauzatzea, inklusio sozial eta aniztasun kulturala berariaz erreparatuko dituen eta adin guztietako pertsonei zuzenduriko hezkuntza eskaintza aurrera eramatea eta beste hainbat.

Horiek horrela, datorren 21/22 ikasturtetik aurrera Herri Arte Eskola gisa irudikatu denaren hainbat berritasun jarriko dira martxan eta datozen ikasturteetan eraldaketa horretan sakonduz joango da. Lehen inplementazioak nagusiki 4-7 urteko haurrei eragingo die eta hala 4-5 urteko haurrek musikan oinarrituriko 45 minutuko saio bat eta gorputz adierazpenean oinarrituriko beste bat jasoko dute astero. 6 eta 7 urteko ikasleek horiei jarraipena emateaz gain ahotsean oinarrituriko eta arte plastiko-ikusizkoei bideraturiko saio bana ere jasoko dute. Era honetan Eskolara astean bitan ordu eta erdiz bertaratuz arte diziplina ezberdinetan murgildu eta aurreritzietatik salbu ziurrenik bestela probatuko ez lituzketen aukera berriak deskubritu eta biziko dituzte. Aipagarria da 6 eta 7 urteko ikasleek gorputz adierazpenaren baitan errotazio sistema baten bidez Eskolan ikasgai izango diren dantza espezialitate guztiak deskubrituko dituztela: euskal dantza, balleta, klakea eta, berrikuntza gisa, dantza garaikidea eta urbanoa ere bai.

Adin tarte horretatik kanpo ere aukera aniztuko da eta horrela dantzaren eremua zabaldu nahirik dantza garaikidea zein urbanoa ere ikasi ahalko dira. Musikaren eremuan alboka eta dultzaina ikasi ahalko dira euskal instrumentu herrikoien taldea sendotuz, eta hala beste herrialdeekin kultur trukaketak aurrera eramateko orduan sendotasun handiagoz aritu nahi da. Aurten esaterako Galiziako Vigo hiriko musika eta dantza tradizionaleko udal eskolarekin trukaketa telematiko bat gauzatzen ari da eta gauzak ondo bidean Atlantikaldian artista galiziar eta Eskolako ikasleez osaturiko emanaldia eskainiko da. Ahotsa ere berariaz jorratuko da eta bakarkako instrumentu gisa ikasteko aukeraz gain, musika lengoaiako klaseetan lanketa espezifiko bat garatuko da ahotsa lantzeak entonazioan eta entzumen hezkuntzan dituen onurak garatzeko, eta arte bizi eta komunikazioaren eremuari begira ere lanketak proposatu nahi dira.

Berrikuntza aipagarrienetako bat Hitza-ren inguruan garatuko den eremu artistikoa izango da. Horrela hitzari osagai artistiko izaera aitortuz 8 urtetik aurrera hitzaren itsaso zabalean jolasten eta artistikoki ahalduntzen hasteko aukera egongo da. 12 urtetik aurrera hitzaren lanketa espezifikoagoei bidea irekiko zaie hitza tolestuz, leunduz edota dijitalizatuz, eta 18 urtetik are aukera zehatzagoa jorratuz. Hitza, eremu digitala eta teknologien erabilpena lotuz ikasleek osaturiko Podcast-en ekoizpen eta argitalpenak ere abian jarriko dira (hitzari, musikari, antzerkiari, etab. loturik), Eskolak jada prest du azpiegitura eta datozen hilabeteetan lehenengo aleak entzungai egongo dira.

Etorkizunera begira arestian aipaturiko hezkuntza proposamen egitasmoa doitu eta etengabe hobetu beharrarekin batera intentsitate baxuagoan beste arte diziplina batzuri keinu egitea ere aurreikusten da, hala nola, ikus-entzunezko eremuari.

Kultura plan estrategikoarekin bat eginez honetarako guztirako elkarlan organiko estua aurreikusten da Lekuonan arte bizien esparruan konpainia ezberdinen eskutik garatuko diren sormen-egonaldiekin mediazio ekintzak eginez zein liburutegiko proiektu eta espazio eraberrituarekin. Ildo beretik Errenterian kokaturiko kultur erakunde eta norbanako zein taldekako eragile artistikoekin ere zubiak trinkotu nahi dira.

Ikasturte berria koloretsuago hasiko da, beraz. Matrikulazioaren inguruko xehetasunak datozen asteetan jakinaraziko dira.