Arabierak eta amazigherak irekiko dute Hizkuntzen Topagunearen jarduera

Errenterian hitz egiten diren hainbat hizkuntza-komunitatetako elkartekideekin batera, Errenteriako Udalak Hizkuntzen Topagunea abian jarriko du ikasturte hasiera honetan. Herriko kultur aberastasuna handitzen duen hizkuntza aniztasuna nabarmentzeko eta ezagutarazteko tresna da Hizkuntzen Topagunea.
Aipatu komunitateetako hiztunek beraien hizkuntzaei zein, oro har, kulturei buruzko ikastaroak eta difusio jarduerak egingo dituzte. Era berean, euskarara zein euskal kulturara gerturatzeko ekimenak abiaraziko ditu Hizkuntzen Topaguneak, honen guztiaren helburua elkar ezagutza eta kohesioa dira.
Hastapen honetan Hizkuntzen Topaguneak bi lan lerro nagusi izango ditu: ikastaroak eta zikloak. Lehenengo alorrean hizkuntzen zein kulturen inguruko ikastaroak izango dira. Bestean, berriz, hizkuntza komunitate bati loturiko hitzaldi zikloak antolatuko dituzte. Ekintza hauek, gorago aipatu moduan, Udalaren eta eragileen arteko elkarlanaren emaitza dira. Ikastaroak zein jarduerak doakoak izango dira.
Hizkuntzen Topaguneak herriko Udal Euskaltegian izango du bere egoitza, Migel Zabaleta kaleko 14an; izan ere, ekimen guzti honek euskara proposatzen baitu kohesio elementu gisa eta honenbestez ekimenaren ardatz nagusietako bat da euskarari lotutakoa. Aipatutako jarduera eta ikastaro guztiak bertan dira.
Lehen ikastaroak, arabiera eta euskal kultura
Haatik, Hizkuntzen Topaguneak indartu egingo ditu orain arte Udal Euskaltegian eman diren arabiera eskolak. Hain zuzen ere, Eguzki elkartearen eskaintza zabalagoa izango da proiektu honi esker. Hauxe da eskaintza:
1.- Arabiar haurrei arabiera ikastaroak
2.- Arabiar emakumeen arabieraz alfabetatzeko ikastaroa
3.- Arabiar gurasoentzako euskal kulturara hurbiltzeko saioak
4.- Helduentzako arabiera ikastaroa
Posta elektronikoz zein telefonoz egin daiteke izen ematea irailaren 16tik 23ra:
• Korreo elektronikoz: (eguzkielkartea2019@gmail.com)
Telefonoz ( 631 464 220)
Era berean, matrikula aurrez aurre Merkatuzarren egin ahal izango da irailaren 16an, egun bakarrean, 10:00etatik 12:00etara eta 16:00etatik 18:00etara.
Amazigh kultura eta hizkuntzaren egoera azaltzeko zikloak irekiko du lan lerroa
Bestetik, Udalak antolatuta, hilero jarduera bat izango da. Lehenengo zikloan, Amazigh kolektiboak hartuko du parte. Bigarrenean (urtarrila, otsaila eta martxoan), ukraniar kolektiboaren esku izango dira solasaldiak, eta, azkenik, apirila, maiatza eta ekainean, galiziar kulturaren berri emango da.
Informazio gehiago nahi izanez gero, Udal Hizkuntza Politikarekin harremanetan jarri.