Azaroaren 25a, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, hainbat ekintza antolatu dituzte

Azaroaren 25ean, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Errenteriako Udalak sentsibilizazio-kanpaina bat jarri du abian mezu nagusiarekin: Guztiok indartsuago indakeriarik gabe.
Indarkeria matxista giza eskubideen urraketa da, genero-desberdintasunen adierazpen larriena, botere-harreman desberdinetan eta emakumeen aurkako bereizkerian oinarritzen dena. Beraz, egiturazko arazoa denez, kanpaina honekin azpimarratu nahi dute urteko egun guztietan indarkeria matxistarik gabe bizitzeko nahia.
Kanpaina honekin beste hiru mezu ere zabalduko dira: Errenterian indarkeria matxistari aurre egiten diogula, emakumeok ez dugula baimenik behar askatasunean bizitzeko, eta eraso baten erantzulea erasotzailea dela. Era berean, Errenteriako Udalak indarkeria matxistari aurre egin behar dioten emakumeentzako laguntza, informazio eta orientaziorako udal baliabideak gogorarazten ditu: Gizarte Zerbitzuak eta Emakumeen Etxea.
Kanpaina zabaltzeko erabili diren euskarriei dagokienez, Udaletxeko balkoian jartzen den pankarta berritu da eta autobus geralekuetako markesinak erabiliko dira. Halaber, kanpainako kartelak banatuko dira udalerriko udal eraikinetan, komertzioetan eta ostalaritza establezimenduetan.
Asanblada Feminsitaren deialdia
Errenteriako Udalak bat egiten du Oreretako Asanblada Feministak egin duen deialdiarekin eta herritar guztiak gonbidatu nahi ditu azaroaren 25ean, ostirala, 19:00etan Zumardian egongo den elkarretaratzean parte hartzera.
Programazioa Emakumeen Etxean
Azaroko Emakumeen Etxearen programazioaren helburua indarkeria matxistaren gainean sentsibilizatzea izango da.
Segida azaroaren 17ko ekitaldiak irekiko du, 18:00etan, “Artea: indarkeria ikusezinak” sormen saioa Virginia Bosch diziplina anitzeko artistarekin, emakumeek artearen historian duten ikusezintasuna indarkeria modu gisa agerian uzteko eta sormenari aurre egiteko tresna gisa erantzuteko.
Azaroaren 24an, osteguna, 18:30etan, Itziar Zigak bere azken liburua aurkeztuko du: “La feliz y violenta vida de Maribel Ziga “. Elvira Lindok El Pais egunkarian kontatzen duen bezala: “Orrialde gutxi batzuetan Maribelen etxean sartu ginen, bizitza zoriontsua izan zuen emakumearen etxean, hain da handia, non indarkeriak ezin izan baitzuen erabat garaitu. Normala da hain ñabardura handiko liburu bat polemikoa izatea”. Aurkezpena Eider Rodriguez idazleak dinamizatuko du.
Ekimenak herriko ikastetxeekin
Hezkuntza-mahaiaren bidez, bi lanketa bideratu dira azaroaren 25aren harira:
Alde batetik, Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleek “Errenteria tratu onen alde” izeneko erakusketa osatu dute. Horregatik, herritarrak gonbidatu nahi dira tratu onen aldeko lanketa egin ostean sortu dituzten lanak ikustera joatera. Erakusketa azaroaren 25etik abenduaren 16ra egongo Zumardiko kioskoan.
Bestetik, Bigarren Hezkuntzako 4. mailako ikasteleekin bisita gidatuak antolatu dira Emakumeen Etxera azaroan zehar. Bisiten helburua etxea bera eta bertan eskaintzen diren baliabideak ezagutzea da, gazteentzat baita erreferentziazko gune bihurtzea ere.
Ekintza kolektiboa
Gainera, Errenteriako auzoetako emakumeen elkarteek, Eskola Feministako Kakorratz sareak sortzen ikastaroko ikasleekin batera, pankarta bat ehunduko dute udaletxeko balkoietan jartzeko.