Beraun kalea Jesus Guridi kaleko 11. zenbakiarekin eta Jesus Guridi eta Julian Lavilla kaleak lotzen dituzten bi igogailuak ireki dira, biak tarteko geltokiekin

Errenteria 2019-2023 Legegintzaldiko Planak planteatzen zuen helburuetako bat Oinezko eta Bizikleta bidezko Mugikortasun Planari eta Irisgarritasun Planari bultzada ematea zen.

Orain, pertsonen mugikortasunaren eta auzoak hurbiltzearen aldeko apustu horri igogailu hau gehitu zaio. Beraun kalea Galtzaraborda etorbidearekin lotzen duten bi igogailu eraiki dira elkarren ondoan, auzo barruko eta auzoen arteko komunikazio bertikala hobetuz.

1.106.000 euroko igogailua, Beraun-Galtzaraborda ardatza indartzeko

Igogailu hori eraikitzeak 1.106.000 euroko kostua izan du; horietatik 138.000 Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri ditu, beste 263.000 Eusko Jaurlaritzak, mugikortasuneko deialdiaren bidez, eta Udalak 700.000 bat euro, inbertsioaren % 64.

Esku-hartze hau ekonomikoki oso garrantzitsua izan da, baina Udalak ulertzen zuen beharrezkoa zela 2011n hasitako bidearekin jarraitzea. Igogailu berri honekin, 7 milioi eurotik gorako inbertsioak egin dira igogailuetarako 2011 urtetik.

Zentzu horretan, gogorarazi behar da igogailu horren eskaera behin baino gehiagotan jarri dela mahai gainean auzo batzarretan, eta Beraungo Auzo Elkarteak, Jubilatuen Elkarteak eta inguruko beste eragile batzuek ere eskatu izan dutela.

13 igogailu Errenterian

Honekin, dagoeneko 13 igogailu ditu Errenteriak. Funtsezko garraiobideak dira herrian, batez beste 30.000 bidaia egiten baititu igogailu bakoitzak hilean. Une honetan Galtzarabordako zatietako bat eta Alabergako igogailua geldirik daude matxuratuta daudelako, baina Thyssenkrupp eta Orona, igogailuen mantentze-lanen enpresa esleipendunak, lanean ari dira lehenbailehen konpontzeko.