Altxortegiko gerakinarekin 2 milioi eurotik gorako inbertsio berriak egingo dira

2018ko kontuen likidazioak Udalari utzi dio 4.400.000 euroko aldeko diruzaintzako gerakina, eta horietatik 2.400.000 € Osoko Bilkurara eramango dira onartzeko, aurrekontuetan aurreikusi gabeko jarduketak burutzeko kudeaketaren emaitza onei esker. Burututako finantza-kudeaketak aukera eman du egoera ekonomiko txukuna izateko eta aurrezkia handia izateko. Aurrezki horrek aukera emango du gerakinaren zati handi bat erabiltzeko 2025 Plan Estrategikoko proiektuak burutzen jarraitzeko.

Nabarmentzeko proiektu estrategikoak dira Barandiaran Parkean lurpeko aparkaleku bat egitea, Beraungo Mikel Odriozola estadioa birgaitzea, Beraungo igogailuaren proiektuan hobekuntzak egitea, adinekoentzako tutoretzapeko etxebizitzen proiektua edo Hiri Mantenimendua sailean inbertitzen jarraitzea.

Aipatutako gerakinetik 400.000 euro gehituko dituzte aurrekontuetan Pontikako Barandiaran parkean lurpeko aparkalekua egiteko obrak hasteko jasotako 500.000 euroko partidan. Aurreikusten da obra horrek hiru urte iraungo dutela eta 4 milioi eurotik gorako guztizko kostua izango dutela.

Abian jarriko da adinekoentzako tutoretzapeko etxebizitzak eraikitzeko proiektu anbiziotsua ere; proiektu hori gauzatuko da egungo liburutegiaren eraikinean, liburutegia Lekuonara eramaten denean. 100.000 euro txertatuko dira horretarako. Bestalde, proiektu hori abian jarriko da 2016an Fini Rubiok Errenteriako Udalari hirugarren adinakoen proiektuetan erabiltzeko egindako milioi bat inguruko dohaintzarekin.

Gerakin honekin gauzatuko den beste apustu bat izango da Beraungo Mikel Odriozola estazioa birgaitzea. Horretarako 550.000 euro kontsignatu ziren aurrekontuan, eta orain gerakinetik 340.000 euro gehituko dira. Aurreikusten da obra 2020an amaituko dela eta azken aurrekontua izango dela milioi eta erdi euro ingurukoa.

Kirol-arloari dagokionez, hobekuntzak proposatzen dira Galtzarabordako kiroldegirako; besteak beste, pista birgaituko da zorua leundu eta margotuta, eta egungo igogailua ordezkatzeko igogailu berrian inbertituko da. Halaber, Fanderiako futbol-zelaiko ur beroaren sistema berrikusi eta hobetuko da, 100.000 euro inguruko inbertsioarekin.

Mugikortasunaren arloan, Beraungo igogailuetako obrak hobetzeko proposamenak suposatuko du 225.000 euro gehitzea aurrekontuan onartutako 780.000 euroei, eta aipatutako kopuru hori diruzaintzako gerakinetik txertatuko da.

Azkenik, ezustekoetarako gordetzeaz gain, eta zerbitzuak hobetzearen aldeko apustuarekin jarraitzearren, proiektu hauetaz gain hainbat jarduketa burutuko dira herritarren eskaerei erantzunez, batez ere irisgarritasunaren eta bizi-kalitatearen ingurukoak. Halaber, herriko komun publikoen sarea handitzen jarraituko dugu, 70.000 eurorekin. Beste 230.000 euro gehituko dira mantenuko eta hobekuntzako obrak egiteko partidan, energia berriztagarrien inguruko proiektuak ere egiteko.

Gerakinak aukera eman dio Udalari dagoeneko landuak zeuden proiektu hauek aurrera eramateko.