Errege Kabalgata herriko kaleetan barrena ibiliko da larunbatean

Urtero bezala, aurten ere Errege Kabalgata ederra izango du Errenteriak. Izan ere, Telleri IGEa, Egiluze-Hijas de la Cruz IGEa , Jaitoki Furius elkartea, Euforia elkartea, Udaltzaingoa eta DYAko nahiz Babes Zibileko boluntarioak, Udalarekin elkarlanean aritu dira aurtengo kabalgata antolatzen.

Ohiko moduan, Kabalgata 18:00etan irtengo da Tulle kaletik (Pontika), eta Maria de Lezo, Biteri, Alfonso XI, Nafarroa Etorbidea eta Zumardian barrena ibili ondoren, 19:00ak aldera iritsiko da Udaletxera. Harrera, ordea, aurreko urteotan bezalaxe, Merkatuzarren egingo da.

Kabalgataren hurrenkerari dagokionez, Babes Zibileko boluntarioek emango diote hasiera; jarraian, Errenteriako Udal Musika Banda eta jaiotza, baserritarrez jantzitako haurrekin eta Musika Eskolako trikitilariekin batera. Ondoren, Erregeen Postaria eta, azkenik, Erregeen hiru karrozak joango dira antortxerorekin. Amaitzeko, DYAko boluntuarioek itxiko dute desfilea. Guztira 250 bat lagunek osatuko dute Kabalgata.

Iazko bideari jarraiki, desfilean zehar Erregeen Postariak laguntzaileak izango ditu inguruan, haurren gutunak jasotzeaz arduratuko direnak. Hori dela eta, haurren batek gutuna, Merkatuzarreko Harrera ekitaldian entregatu ordez, Kabalgataren ibilbidean zehar entregatu nahi izanez gero, lau laguntzaile horiei eman beharko die.

Txikien eta ez hain txikien gozagarri, 510 kilo goxoki eta 7000 txokolatezko txanpon banatuko dituzte, denak ere zeliakoek jateko egokiak.

Azkenik, Gazteria Zinegotziak eskerrak eman nahi dizkie urtero Errege Kabalgata gauzatzea ahalbidetzen duten eragile eta partaide guztiei.