Errenteria Covid-19ak eragindako 400dik gorako intzidentzia-tasa duten udalerrien artean dago, eta bihartik aurrera neurri berriak sartuko dira indarrean

Eusko Jaurlaritzak Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariaren ebazpena argitaratu du. Horren bidez, Covid-19ak eragindako kasu positiboen azken 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 400 edo handiagoa duten 5.000 biztanletik gorako udalerrien zerrenda argitaratu da, eta horien artean dago Errenteria.

Hori dela eta, bihartik, apirilaren 13tik (asteartea) aurrera, honako neurri hauek jarriko dira indarrean:

1) Udalerrian sartu eta udalerritik irteteko debekua, mugakide diren eta ohiko zirkulazioa duten udalerrien arteko mugikortasuna baimentzen bada ere, erosketak eta aire zabaleko jarduera fisikoa egiteko. Salbuespenak, behar bezala justifikatuta badaude:

a) Osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduetara joatea.
b) Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo legezko betebeharrak betetzea.
c) Unibertsitate-, irakaskuntza- eta hezkuntza-zentroetara joatea, haur-hezkuntzako eskolak barne.
d) Ohiko bizilekura edo familia-bizilekura itzultzea.
e) Adinekoei, adingabeei, mendekotasun-egoeran daudenei, desgaitasunen bat dutenei edo bereziki ahulei laguntza eta zaintza ematea.
f) Mugakide diren lurraldeetako finantza- eta aseguru-erakundeetara edo hornidura-estazioetara joatea.
g) Organo publiko, judizial edo notarialetan egin beharreko edo presako jarduketak.
h) Baimenak eta dokumentazio ofiziala berritzea, bai eta beste administrazio-izapide atzeraezin batzuk ere.
i) Azterketa edo proba ofizial atzeraezinak egitea.
j) Ezinbesteko kasua edo premia-egoera dela eta.
k) Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatua.

2) Ostalaritzako eta jatetxe-arloko establezimenduen ordutegiari buruzko neurria (Joko- eta apustu-lokalak barne): murriztu egin beharko dute lokalen barruan jendea atenditzeko ordutegia bi ordu-tarte hauetara:
06:30etik 09:30era.
13:00etatik 16:30era.

3) Kirola: “barruko eremuetan egiten diren kirol-jarduerek ez dituzte 4 pertsonako taldeak gaindituko, talde profesionalen eta federatuen entrenamenduei eta lehiaketei eragiten dietenak izan ezik. Era berean, herri horietan, aldagelak eta dutxak itxi egingo dira kirol-instalazio mota guztietan, igerilekuetan izan ezik; horietan, aldagelak erabili ahal izango dira gehieneko edukieraren ehuneko 35eko mugarekin, eta dutxak erabili ahal izango dira, baldin eta banakakoak badira.”