Errenteriako emakume eta gizonen berdintasunerako III. Planaren ‘Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak’ ardatzaren datozen urteetarako estrategia onartu du Udalak alderdi politiko guztien babesarekin

2020ko uztailean Errenteriako emakume eta gizonen berdintasunerako III. Planaren Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak ardatzaren lanketa abiatu zen eta aste honetan Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du.

III. Berdintasunerako Planak lau ardatz nagusi jasoko ditu bere baitan eta banaka lantzeko apustua egin du Udalak, ardatz bakoitza sakonago lantzeko helburuz. Bide horretan, emakumeen kontrako indarkeria matxista jorratzen duen ardatza izan da lantzen lehena, emakumeek emakume izateagatik pairatzen duten giza eskubideen aurkako urraketarik larriena delako.

Emakumeenganako indarkeriak adierazpen ugari ditu, eta esparru publiko zein pribatuan ematen da. Baina testuinguru pandemiko berezi honetan ere oso nabarmen geratu da eremu pribatua, norberaren etxea, guztiontzat babes-eremu beharko lukeena, nola den emakume askorentzako indarkeria-eremu, horrek emakumeen bizimoduetan duen inpaktu larriarekin.

Bide horretan, talde politiko guztien adostasunarekin, indarkeria matxistarik gabeko bizitzak eraikitzeko estrategia komun bat onartu du Udalak. Hamar urterako estrategia jasotzen duen plan bat, hiru urteko ekintza-planak zehaztuz joango dena eta bi proiektu pilotu berri definitu dituena:

Lehenak, indarkeria matxista jasaten duten emakumeei akonpainamendu integrala bermatzea du helburu, horretarako herriko emakumez osatutako bidelaguntza-sarea baliatuz, praktika publiko-komunitarioa oinarri. Datozen asteotan ekingo dio Udalak, Emakumeen Etxeko kideekin batera, proiektu honen deifnizio lanei.

Bigarrenak, memoria historikoaren jasoketarekin eta errekonozimenduarekin du lotura. Hain juxtu, herrian indarkeria matxista jasan duten emakumeak aitortzearekin, aurrez haien errelatoak jasoz.

Udalak azpimarratu nahi du emaitza bezain aberatsa izan dela plana diseinatzeko prozesua, zeinak fase ezberdinak izan dituen eta 40 emakumetik gorak parte hartu duen.

Uztaila-iraila bitarte elkarrizketen eta dokumentazioaren azterketaren bidez diagnostikoa osatu zen; urria-abendua bitarte praktika onak ezagutzeko hiru mahai-inguru antolatu ziren; eta, azkenik, ekintzak eta proposamenak definitu ziren norbanako, eragile eta alderdi politikoekin.

Berdintasuneko Aholku Kontseilua izan du ardatz honen lanketak eragile nagusi eta datozen ardatzen definizioan ere kontseilu hau izango da eragile.