Errenteriako LGTBI herritarren errealitateei buruzko diagnostikoa martxan jarri du Errenteriako Udalak

Errenteriako Udalak hiriko LGTBI pertsonen pertzepzioak jasotzeko azterlana martxan jarriko du. Horren bitartez, LGTBI biztanleriaren premiak zehaztu dira, errealitateak ezagutzeko, eta, diagnostiko horretatik abiaturik, sexu-dibertsitatearen eta generoaren arloko lehentasunak definitzeko helburuarekin, eta III. Berdintasun Planean jasoko dira.

Sexua-generoa sistemak gure gizartean duen pisu estrukturalak justifikatzen du emakume eta gizonen arteko bereizketa normatiboa. Alabaina, sexuaz gain, badira beste desberdintasun-iturri estruktural batzuk ere (adina, klase soziala, sexu- eta genero-dibertsitatea, kulturala edo funtzionala, adibidez), sexuarekin elkarrekiko eragina dutenak. Sexu-genero sistemak alde batera uzten ditu sexu-dibertsitatea eta genero-identitateak, eta diskriminatzen ditu ez emakumeak soilik ─horiengan jarri dute arreta berdintasunerako politika publiko tradizionalenek─, baita lesbiana, gai, transexual, transgenero, bisexual eta intersexualak ere.

Orain dela hilabete batzuk Errenteriako Udalak zentzu horretan politikak garatzeko interpelazioa jaso zuen. Horregatik, LGTBI biztanleriari zuzendutako Udalaren parteko edozein esku-hartze planteatu aurretik, diagnostiko bat burutzea beharrezkoa ikusi zen. Errenterian dagoen errealitatea zein den jakin eta informazio horrekin III. Berdintasun Planerako ekintzak prestatzeko moduan izango dira.

Prozesuaren nondik norakoak

Diagnostikoa osatzeko prozesu parte-hartzailea martxan jarriko da eta bide hori egiteko LGTBI kolektiboaren elkarlana ezinbestekoa izango da. Hasieratik amaierara etengabeko hartu-emana izango da ikerlarien, LGTBI kolektiboko pertsonen eta Udalaren artean. Proiektuak hiru fase izango ditu:

– Lehenengo fasean LGTBI komunitatearen baitan dauden agente, pertsona eta adituak zehatz-mehatz identifikatuko dira, herriko LGTBI errealitatearen egoeraren inguruko mapa orokorra egiteko. Jadanik hasierako kontaktuak egin dira, eta haiekin proiektua, metodologia eta kronograma partekatu eta osatu da. Hala ere, identifikazio honetan lanean jarraitzen dute eta gonbitea egiten diote herriko LGTBI komunitateari ikertzaikeekin harremanetan jarri eta prozesura batzeko.

– Bigarren fasean, landa-lana gauzatuko da.

– Hirugarren fasean, datuen interpretazio eta erredakzio fasea izango da.

Aipatu bezala prozesua martxan dute jada eta hemendik aurrera landa lanari ekingo diote. Hau aurrera eramateko hiru tresna metodologiko erabiliko dituzte: sakoneko elkarrizketak, talde eztabaidak eta online inkesta bat. Elkarrizketa eta inkesta hauetan zazpi aldagai hartuko dituzte kontuan: espazio publikoaren erabilera, hezkuntza, osasuna, lan-arloa, aisialdia, parte-hartze politikoa eta nahitaezko migrazioa.

Beraz, LGTBI komunitateko pertsonak animatu nahi dituzte norbera erosoen sentituko den moduan prozesu honetan parte-hartzera. Sakoneko elkarrizketak burutzeko kontaktuak Herri Bizia web orrian egongo dira eskuragarri (https://herribizia.errenteria.eus/LGTBI) eta era anonimoan parte-hartu nahi duenak ere, inkesta bertan izango du.

Astelehenean, bilera irekia

Azkenik, datorren astelehenen, hilak 21, arratsaldeko 18:30ean, Reina Aretoan, bilera ireki bat egingo da herriko LGTBI komunitatearentzat. Bertan, informazio ezberdina partekatu eta prozesuaren bigarren fasea martxan jarriko da.