Udalak Altzate antolatzeko proposamen berria aurkeztu du

  • Planteamendu berriak antolamendu atseginagoa sortuko du, eremu berde zabalagoa izango du eta Oiartzun ibaiaren aldameneko espazio librea zabalduko du.

2007az geroztik badago Altzate hiri-esparrurako antolamendu jakin bat, onartua eta indarrean egon arren, garatu ez dena.

2015ean antolamendu onartuak zituzten herriko hainbat eremu berraztertu ziren, besteak beste, Altzate.

Azterlan horien bidez, Udala hasi zen antolamendua hobetzen, herritarrek gozatzeko espazio libreak eskuratzeko, iraunkortasun-irizpideak txertatzeko eta Iztieta-Ondartxo auzoarekin sinergiak ahalik eta ongien baliatzeko.

Horrela iritsi gara egungo planteamendura, herritarrentzako antolamendu atseginagoa eta Iztieta-Ondartxorekin hobeto integratzen den proposamen batera.

2007az geroztik indarrean dagoen plangintzak Oiartzun ibaiaren ertzean etxebizitzak eraikitzea aurreikusten du, ibaiaren gaineko “pantaila-efektua” eraginez eta Iztieta-Ondartxo auzoarentzat ikuspegia oztopatuz.

Planteamendu berriak proposatzen du azalera eraikia 2.900 m2 murriztea, eta eremu hori erabiltzea herritarrentzako eremu berdeetarako eta plazetarako, eraikinak modu orekatuan eta paisaiaren ikuspegitik modu iragazkorragoan antolatuz.

Halaber, ordenamendu berriak ibaiaren aldameneko pasealekuaren azalera zabaltzen du, protagonismoa emanez uraren espazioari; hondartza berde bat egongo da, ibaia gozatzea eta harekin kontaktua izatea erraztuko duena.

Altzaten aurreikusten den udal-ekipamenduaren kokapena ere aldatu egiten da, ibaira hurbilduz eta harekin harremana estutuz.

Ekintza horiekin, Oiartzun ibaiaren inguruneko paisaiaren ekintza-planean aurreikusitako ekintzei erantzuten zaie.

Bestalde, antolamenduak aurreikusten du 279 etxebizitza eraikitzea, 129 Lezon eta 150 Errenterian. Errenteriako etxebizitzen % 20 inguru babes ofizialekoak izango dira eta Errenteriako Udalak 30 udal-etxebizitza izango ditu.

Merkataritzaren ikuspegitik, antolamenduak ez du aurreikusten merkataritza-azalera handirik.

Antolamenduak baita ere heltzen dio aldamenetako auzoek aparkaleku-faltarekin duten arazoari. Hori konpontzeko, proposatzen du 144 autorentzako disuasioko aparkaleku bat eraikitzea, intermodalitatea sustatzeko eta hirigunera sartzen den ibilgailu-kopurua murrizteko.

Azken batean, antolamendu-proposamenak lurraldearen ikuspegitik orekatuagoa den plangintza proposatzen du, pertsonen onurara bideratzeko asmoz eta etorkizuneko garapenak sinergia positiboak sor diezazkion Iztieta-Ondartxori, adibidez egungo Errenteriaren hiri-sarean zentraltasun handiagoa emateko.

Proposamen honek, egoki diren tramite administratiboak bete ondoren, aukera emango du indarrean dagoen antolamendua baliogabetzeko.

Informazio-prozesua

Planteamendu berri hau definitu eta garatu bitartean, Udalak informazio-bilerak egin ditu Iztieta-Ondartxoko eragile eta elkarteekin, proiektuaren egoeraren berri emateko eta haien ekarpenak jasotzeko.

Gainera, Udalak ulertzen duenez Altzateko garapena interes berezikoa izango dela Iztietako bizilagunentzat, asteburu honetan eta datorrenean informazio-panelekin erakusketa txiki bat egingo du goizetan Diputazio plazako parkearen ondoan.