Errenteriako Udalaren adierazpen instituzionala Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Eguna dela eta

2001eko azaroaren 2an Aniztasun Kulturalari buruzko UNESCOren Adierazpen Unibertsala onartua izan zen aho batez, kulturen arteko elkarrizketa bakearen bermerik onena delako uste osoarekin. Adierazpen horretan, besteak beste, aniztasun kulturala “herritarron ondare amankomun”tzat balioetsi zen.

2022ko Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Eguna baliatuz, Errenteriako Udalak herrian bizi diren hizkuntza eta kultura guztien eta haien eramaile diren pertsonekiko aitortza publikoa egin nahi du. Baita, bakearen bermerik onena delakoan, herriko kultura anitzen arteko elkarrizketa ahalbidetu ere, azken urteotan irekitako bide emankorrean sakonduz.

Bizi dugun testuinguru konplexuan komunitate sena indartu eta herri gisa mundu mailako pandemia bati aurre egitea egokitu zaigu. Ez dira garai errazak izan inorentzat, baina lortu dugu, jatorria edozein izanik ere, herri gisa errealitate honi aurre egitea.

2022ko maiatzaren 21 honetan, berriro ere kalea hartzea dagokigu, Errenteriako etxeetan aterpetutako kultura eta hizkuntza anitzak ikusgarri egitea. Eta, hori baliatuz, elkartzeko topaguneak berreskuratzea, kultura ezberdinen arteko harremanak modu presentzialean josten jarraitzeko.

Hori horrela, Errenteriako Udalak konpromisoa hartzen du:

• Bizikidetza linguistiko eta kulturalaren bidean herriko eragile ezberdinekin lanketa bateratuak garatzeko, nagusiki Elkarbizitzarako eta Gizarte Ekintzarako Udal Kontseilua baliatuz horretarako.

• Errenteriako herritar oro eskubide eta aukera guztien jabe izan dadin lanean jarraitzeko, herritarraren jatorria edo kultura edozein izanik ere, herrikide hauei herritartasun osoa aitortua izan dakien.

• Kultura ezberdinen arteko topaguneak sortzen jarraitzeko, kulturen artean sinergiak sorraraziz eta ekimen bateratuak sustatuz. Horretarako espazio esanguratsu izango dira Lekuona Fabrika edota Emakumeen Etxea.

• Hezkuntzaren esparruan herriko gazteenekin lanketak egiten jarraitzeko, Errenteria kultur aniztasunarekiko errespetuan hezteko ahaleginean.

• Errenteriako hizkuntzen aniztasuna balorean jartzen jarraitzeko, hizkuntza oro aitortuz eta ezberdinen arteko topaguneak sortuz, aurkeztu berri dugun hizkuntzen mapa abiapuntutzat hartuaz eta BADALAB hizkuntza berrikuntzarako laborategiarekin elkarlanean jardunaz.

• Gure herriko aniztasun kultural eta linguistikoa bistaratzeko ekimenak burutzen jarraitzeko, egun honen harira osatutako programazio zabalaren gisako ekimenak antolatzen jarraituz.