Errenteriako Udalaren enplegu planek 160 kontratazio baino gehiago sustatuko dituzte

Errenteriako Udala lanean ari da Lanbideren bidez bideratuko diren bi enplegu planetan, zehazkiago, Enplegu plan orokorra eta Gazte enplegu plana dira prestatzen ari den ekimenen izenak. Bi plan hauen zati bat Lanbidek finantzatuko du, eta horien exekuzioa udalak egingo du Oarsoaldea garapen agentziarekin batera. Langabetuei bideraturiko 160tik gora postu hauek eskatu ahal izateko ezinbestekoa izango da Lanbide enplegu zerbitzuan alta emanda agertzea.
Langabeziaren kopuruak jaistea baino harago, aipatu planek hiru helburu zehatz dituzte: Errenterian bertan zein eskualdean enplegua sustatzea; langabetuei lan-merkatura sartzen laguntzea; eta, azkenik, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen enplegagarritasuna handitzea.
60 kontratu alor publikoan
Planen atzean Errenteriako Udala badago ere, kontratazio ekimenek isla izango dute sektore publikoan, sektore pribatuan eta hirugarren sektorean. Udalak bere kontratazioak Oarsoaldea garapen agentziaren bidez egingo ditu, eta, lan-postuaren arabera, lau eta hamabi hilabete artekoak izango dira.
Udalak, guztira, 60 pertsona kontratatuko ditu egiteko ugari izango dituztela: Hiri Mantenuan jardungo duten ofizial eta peoiak (elektrikariak, igeltseroak, errementariak, margolariak, garbitzaileak, etab); udalaren sailetan jardungo duten administrari, administrari laguntzaile, harreragile, teknikari, dinamizatzaileak, etab.
Lanpostu hauetan kontratatuak izateko bete behar diren bi baldintza nagusiak hauek dira: langabezian egotea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa agertuta, eta bete beharreko lanposturako eskatutako ezaugarriekin bat egitea.
60 lanpostu hauen zerrenda eta bakoitzaren eskakizun zehatzak aurrerago argitaratuko ditu Errenteriako Udalak.
Kontratazio publiko honen barruan, plan orokorrean hainbat kolektibo lehenetsiko dira, hala nola:
• Diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) titular edo onuradun diren pertsonak
• 45 urtetik gorako pertsonak eta 35 urtetik beherakoak
• Iraupen luzeko langabeak
• COVID-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratu ondoren lana galdu duten pertsonak
• Gizarte-bazterketa jasateko arriskua duten pertsonak
• Familia-erantzukizunak dituzten emakumeak
• Genero-indarkeriaren biktima diren emakumezkoak
Edonola ere, Kontratatutakoen % 40k, gutxienez, emakumeak izan beharko dute eta kontratatutakoen % 15ek, gutxienez, 55 urtetik gorakoak izan beharko dute.
Gazteei zuzenduriko planean, berriz, bi hauek izango dira kolektibo lehenetsiak:
• Diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) titular edo onuradun diren pertsonak.
• 30 urtetik beherakoak
105 kontratu, alor pribatuan eta hirugarren sektorean
Alor pribatuan eta hirugarren sektorean kontratazioak egitea bilatuko du Udalaren bigarren ekimenak. 105 kontratu sustatuko ditu eta horretarako tresna dirulaguntzak izango dira.
Enpresa pribatuei dagokienez, hiru eta sei hilabete bitarteko lan kontratuak diruz lagunduko dira, lan-jardun osoan zein erdian eta enpresek 100 kontratazio egitea espero du Udalak.
Dirulaguntza eskaerak, berriz, hainbat sektoretako enpresek egin ahal izango dituzte: industriakoak, zerbitzuetakoak etab., tamaina handikoak zein txikikoak (dendak, tabernak, etab). Eskualdeko enpresei zuzenduak izango dira eta eskualdeko langabetuak kontratatzeko. Ekimena Oarsoaldea garapen agentziaren bidez bideratuko dira.
Azkenik, Hirugarren sektoreko entitateei bideraturiko kontrataziorako laguntzak ere egongo dira. Kasu honetan, planen arduradunek espero dute elkarteek bost langabetu kontratatzea.
Planen epeak eta Lanbide zerbitzuan alta ematea
Udalak egingo dituen lan kontratazioak datozen hilabeteetan gauzatuko dira, zehazkiago urriaren 1a abenduaren 31a bitartean hasi beharko lirateke. Horietarako hautaketa prozesuak datozen asteetan hasi beharko dira.
Gorago aipaturiko edozein planetan parte hartu ahal izateko, ezinbesteko baldintza da Lanbiden, hau da, Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu eskatzaile gisa alta egoeran agertzea. Udal arduradunek baldintza honen garrantzia nabarmendu nahi izan dute, eta gogoratu dute aintzat hartu behar direla Lanbideren tramitazioak egiteko epea.
Hori dela-eta, beren egoera zein den konprobatzea eta, beharrezkoa izanez gero, alta emateko tramitazioa hastea gomendatu diete aipaturiko planetan interesa duten herritarrei.
Enpresek jaso ditzaketen kontrataziorako dirulaguntzei dagokienez, udal arduradunek jakinarazi dute Oarsoaldeak egingo dituela laguntza horietarako deialdiak datozen hilabeteetan.
Aurreratu den moduan, datozen asteetan jakinaraziko dira zehaztapen gehiago, eta informazio gehiagoren beharrean dagoenak Oarsoaldea Garapen Agentziara zein ZU Zure Udala arreta zerbitzura jo ahal izango du.