Gerakineko hiru milioi euro erabiliko ditu Udalak proiektu estrategiko berriak abian jartzeko eta dagoeneko martxan dauden batzuei bultzada emateko

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Maite Gartzia, alkateordea; Aizpea Otaegi, alkatea; Garazi Lopez de Etxezarreta, Ogasuneko zinegotzia.
  • Hirigintza eta Hiri Mantenuko obrak, Garapen Ekonomikoa, Ingurumena eta Mugikortasuna eta Modernizazioa izango dira proiektu hauen atzean dauden departamentuak.

2020ko kontuak ixtearekin batera gerakinaren zenbatekoa ezagutu zen. Momentu hartan 6,8 miloi euroko gerakin bat zuen Udalak eta, 2020 urtetik zetozen gastu konpromisoak txertatu ondoren, 2021ean sortu zitezkeen behar berezietarako 4,2 miloi euro gelditu ziren.

Gaur aurkeztu dituzte 2021ean gerakina erabiliaz bideratu nahi dituzten proiektuak eta hauek aurrera eramateko erabiliko dituzten diru partidak. Guztira 3 miloi euro erabiliko dira proiektu hauek garatzeko.

Era berean, garrantzitsua da adieraztea, zuhurtziaz jokatu beharra dagoela eta, horregatik, beste miloi bat pasatxo duela oraindik Udalak gerakinean erabili gabe, edozein ezustekori aurre egin ahal izateko.

Gerakina erabiliaz Udalak bideratu nahi dituen proiektuak:

Hirigintza eta Hiri Mantenuari dagokionean, 2.080.000 euro bideratuko ditu Udalak hainbat obra handi eta txiki egiteko:

-1.300.000 euro Beraungo Aldakoenea kaleko haur eskolan ezarriko den Auzo Udaleko obrak bideratzeko.

-300.000 euro Agustinetan lanbide sortzaileei bideratutako poloa ezartzeko eraikinaren proiektua idatzi eta obrei ekiteko.

-130.000 euro datozen urteetan abiatu nahi diren hainbat obren proiektuen idazketarako. Besteak beste, hauek izango dira proiektuak: Gabierrotako pasealekuaren urbanizazioa, Barandiaran parkearen proiektua, Aldakoeneako obraren zuzendaritza.

-Hiri Mantenuan haur jolas parkeak berritzeko 150.000 euro erabiliko dira eta 200.000 euro kale asfaltatze eta urbanizazioen arloan interbentzio gehiago egiteko.

Garapen ekonomiokoari dagokionean, 517.000 euro gehituko ditu Udalak aurrekontuan. Kasu honetan 260.000 euro gehiago jarriko dira merkatari eta ostalaritza arloetako jarduerak diruz laguntzeko eta 257.000 euro enplegu planetarako.

Ingurumenari eta Mugikortasunari dagokionean, 230.000 euro gehituko ditu Udalak aurrekontuan ekintza hauetarako:

-15.000 euro komunitate energetikoak sortzeko azterketa egiteko.

-55.000 euro hiri mugikortasun jasangarriaren plana egiteko

-100.000 euro saneamenturako.

-60.000 euro Alhondigako parkineko instalazioak berritzeko. Honi esker, gauez eta asteburuetan normaltasunez erabili ahal izango da parkina.

Bukatzeko, Modernizazioari dagokion arloan 165.000 eurorekin Herritar Txartela inplantatzeko lehenengo lanak egiteari ekingo dio Udalak. ZU! Arreta Zerbitzuak leihatila bakar gisa funtzionatzen duen moduan, udal zerbitzu desberdinak baliatzeko herritar txartel bakar batera jauzi egin nahi du Udalak.

Garrantzitsua da diru-txertaketa hau, adierazten duelako aurrekontuak martxa eta bizitasun handia daukala. Momentu honetan aurrekontuaren exekuzio maila %57koa da, konprometituta dagoen diruaren baitan. Oso urte dinamikoa izaten ari da, eta proiektuen garapen maila altua da.

Txertaketa honek bultzada berria ematen dio aurrekontuari.