Herriko hiru ikastetxe publikoek aurrematrikula kanpaina aurkeztu dute

Urtarrilaren 28tik otsailaren 8ra izango da aurrematrikula epea (otsailaren 7a izango da online egiteko azken eguna).

Herriko hiru ikastetxe publikoek, hau da, Bizarain Ikastolak, Cristobal Gamon Ikastetxeak eta Koldo Mitxelena Herri Ikastetxeak, 2019-20 ikasturterako ikasle berrien aurrematrikula kanpaina aurkeztu dute Udaletxean. Kanpaina hori urtarrilaren 28tik otsailaren 8ra burutuko da, 2016 eta 2017 urteetan jaio diren haurrei zuzenduta.

Aurreko urteetan egin bezala, aurten ere eskutitza bidali zaie urte horietan jaio eta Errenterian erroldatuta dauden 627 haurren gurasoei, herriko hezkuntza eskaintza ezagutarazteko, seme-alabak herriko ikastetxeetan matrikulatzera eta euskarazko irakaskuntza ematera gonbidatzeko.

Ikastetxeetako zuzendariek azaldu dute haurrak bertan dauden urteetan ibilbide bat egiten dutela, eta hori adinez adin lantzen dela, baina modu integralean, 4 ardatz nagusi kontuan izanda: arlo afektiboa, motorea, hizkuntza-arloa eta pedagogikoa.

Gainera, aniztasunean hezten dutela adierazi dute, eta elkarbizitzari garrantzia handia ematen diotela.

Hiru zentroen kohesioa eta elkarlana ere azpimarratu dute zuzendariek.

Ikastetxeak eta haien hezkuntza eskaintza ezagutzea

Ikastetxeen hezkuntza eskaintza ezagutarazteko ate irekien jardunaldiak antolatu dira, horietako batzuk aste honetan bertan egin direlarik.

Halere, nahi duenak aukera izango du oraindik ere Koldo Mitxelena Herri Ikastetxearen Biteri eraikina ezagutzeko, gaur arratsadeko 16:45 ate irekien saio bat egingo dute eta.

Gainera, hiru ikastetxe publikoetako zuzendariek gurasoak animatu nahi dituzte ikastetxeekin harremanetan jar daitezen, instalazioak zein hezkuntza eskaintza ezagutzeko datozen asteetan zehar.