Igandean ‘Errenteriako Hiria II. Ikurrina’ jokatuko dute Oiartzun ibaian, ETE ligako azken estropada puntuagarria

Lehen aldiz, sarien zenbatekoak kategoria bereko gizonezkoenen berdinak izango dira

Igandean, 12:00etan, ‘Errenteriako Hiria II. Ikurrina’ jokatuko dute Oiartzun ibaian, Hibaika AEk eta ETEk – Emakumeen Traineru Elkarteak – antolatuta, Errenteriako Udalaren laguntzarekin. ETE ligako azken estropada puntuagarria izango da hau.

Estropada aurkezteko egin duten prentsaurrekoan, Hibaikako ordezkari diren Maika Tameronek eta Jon Iriondok azaldu dute oso pozik daudela proba hau antolatzeagatik eta herrian egin daitekeelako. Izan ere, herritarrek hemen bertan traineruak ikusi ahal izatea garrantzitsua eta polita iruditzen zaie, eta baita Hibaikako arraunlariek zaleak gertu sentitu ahal izatea ere. Bestalde, esan dute igandean irabazten badute, ospatuko dutela.

Igandeko estropada erabakigarria da Hibaikarentzat, bertan erabakiko baita irabazkea, eta elkarte errenteriarrak, klasifikazio orokorrean lehen postuan izanik, txapelketa irabazteko aukera asko baititu.

Proba hau Hibaikaren instalazioen parean hasiko da, 1,5 itsas miliako erlojupekoa izango da, eta bi luze eta ziaboga bat izango ditu.

Estropadan 11 traineruk parte hartuko dute, bi txandatan:

1. txanda: ETEko 5 ontzi, sailkapen orokorrean zazpigarren eta hamaikagarren posizioen artean sailkatutakoak: Hercos–Colindres, Lapurdi, Ondarroa Cikautxo, Hernani-Mitxelena Mekanizatuak eta Isuntza Elecnor Cikautxo.

2ª txanda: ETEko 6 ontzi, sailkapen orokorrean lehenengo eta seigarren posizioen artean sailkatutakoak: San Juan, Kaiku, Deusto-Bilbao, Tolosaldea, Zumaia-Salegi Jatetxea eta Hibaika Jamones Ancín.

Lehen aldiz, gizonezkoen estropadaren pareko sariak

Estropada honetan, eta liga honetan lehenengoz, traineruek jasoko dituzten sarien diru-kopuruak gizonezkoen ‘Errenteria Hiria Ikurrina’ estropada jokatu zenean, uztailean, banatu zirenen parekoak izango dira. Hortaz, honako hauek izango dira, sailkapenaren arabera:

Irabazlea: 2.015 € eta ikurrina

Bigarrena: 1.755 €

Hirugarrena: 1.495 €

Laugarrena: 1.235 €

Bosgarrena: 1.105 €

Seigarrena: 975 €

Zazpigarrena: 845 €

Zortzigarrena: 780 €

Bederatzigarrena: 747 €

Hamargarrena: 715 €

Hamaikagarrena: 683 €

Honen inguruan, Aizpea Otaegi alkateak esan du: “Hau ligako azken estropada izango da, eta bakarra izango da emakumezkoek gizonezkoek kategoria berean jasotzen duten diru-saria jasoko dutena. Uste dut nabarmentzekoa dela, tristeki nabarmentzekoa, adierazten duelako zein den emakumezkoen kirolaren egoera. Baina beste alde batetik uste dut azken estropadan Udalak eta Hibaikak urrats hau eman izanak inflexio puntu bat ere markatu behar duela datorren urteko ligari begira. Denboraldi honetan Zumaia eta Ondarroako probak izan dira notizia diru-saria txertatu dutelako, baina guk argi geneukan gizonezkoen maila bereko proba izanik, maila bereko saria izan behar zuela eta horretan ados egon gara eta oso argi eduki dugu.

Nahi genuke, batez ere, datorren urteko ligan hori ezarrita geratu dadin eta bai klubek eta bai administrazioak, instituziook, argi izan dezagun horrek horrela izan behar duela. Diru publikoarekin partzialki edo osoki sustatzen den edo laguntzen den edozein jardueratan berdintasuna bermatu behar dugulako”.

Horretaz gain, alkateak trainerua zoriondu du dagoeneko sei bandera irabazi dituelako, eta elkarteari eskerrak eman dizkio, estropada honek ahalegin tekniko handia eskatu arren herrian antolatzeagatik eta herritarrei aukera emateagatik herritik mugitu gabe Hibaika ikusteko eta animatzeko. Hortaz, deialdia egin die errenteriarrei igandean babesa eta berotasuna helarazteko arraunlariei.