Indarkeria matxistari aurre egiten jarraitzeko konpromisoan berretsi da Udala

Itziar Ostolaza, Berdintasun zinegotzia, eta Aizpea Otaegi, alkatea.

Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko egunaren bezperetan, eta legegintzaldiaren erdia gainditu dugun honetan, Errenteriako Udalak gai honen inguruan egindako ibilbidea baloratu eta gure herrian bizi den errealitatearen inguruko gogoeta partekatu nahi izan du.

Lehenik eta behin, azpimarratu nahi du gai honekiko sentitzen duen ardura Instituzionala. Estrukturala den eta jendartean errotuta dagoen arazo baten aurrean egonik ere, Udalak ardura du indarkeriarik gabeko bizitzak erdiesteko politikak garatzen. Eta, zentzu horretan, eskumenak eskumen, urratsak ematen jarraitzeko konpromiso irmoa transmititu nahi du; besteak beste, 2022rako aurrekontu proposamenean jaso gisara, berdintasun politikei dagozkien baliabideetan diru partidak handitzen.

Oso oinarrizkoa dirudien arren, errealitate honi aurre egiteko ezinbestekoa da emakumeen aurkako indarkeria mota anitzei izena jartzea, bistaratzeko modua baita. Horregatik aipatu nahi izan ditu izebergaren eremu ezberdinetan ematen diren indarkeriak: psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexu bidezkoa, familia barrukoa, bikarioa, sexista edo ziber indarkeria, besteak beste.

Eta Errenterian indarkeria mota hauetakoren bat jasan duten edo jasaten ari diren emakumeei aitortza, justizia eta erreparaziorako bitartekoak eskaintzeko prestutasuna adierazi nahi izan ditu, Gizarte zerbitzuen, Udaltzaingoaren edo Emakumeen Etxearen bidez Udalaren atea jotzera gonbidatuz egoera honetan dagoen emakume oro.

2021eko salaketa kasuetan gorakada

2021 urtea amaitu gabe dagoen honetan, %33,67an igo da salatutako indarkeria kasuen protzentaia 2020 urtearekiko alderaketan, Emakundetik jasotako datuen arabera.

Datu hauek, lazgarriak eta gordinak izanagatik ere, publiko egitea eta bistaratzea beharrezko dela iritzi du Udalak, errealitatearen parte diren heinean.

Eta datuek irakurketa anitzetarako aukera ematen badute ere, azken urteotan egindako lanak eta Emakumeen Etxearen irekierak oso ezkutukoa den errealitate bat bistaratzen eta salaketa bidean jartzen lagundu duela ondoriozta daitekeela adierazi du.

Helburua indarkeria mota guztiak desagerraraztea bada ere, bitarte horretan kasuak azaleratu eta kuantifikatu ahal izatea oso garrantzitsua dela uste du Udalak.

Egindako ibilbidea baloratuz

Legegintzaldi honetan zehar emandako urratsak esanguratsuak izan direla adierazi du Udalak eta egindakoak zerrendatu nahi izan ditu:

1. III. Berdintasun planaren diseinuaren baitan, indarkeria matxistarik gabeko bizitzen ardatza onartu da.

100 emakume inguruk hartu du parte 2020an abiatutako prozesuan. Plan honek datozen 10 urteotan Errenterian garatu beharreko ekintzak jaso ditu 4 ildotan banatuta:

• Prebentzioa, sentsibilizazioa eta kontzientzia hartzea.

• Artapen integrala, berraktibazioa eta ahalduntzea.

• Erreparazioa, memoria eta erantzun instituzionala.

• Koordinazio interinstituzionala.

2. Berdintasun planetik eratorrita, indarkeria pairatzen duten emakumeak artatzeko bidelaguntza sarea sortzeko prozesua abiatu da.

Egitasmoak indarkeria matxista jasaten duten emakumeei akonpainamendu integrala bermatzea du helburu, horretarako herriko emakumez osatutako bidelaguntza-sarea baliatuz, praktika publiko-komunitarioa oinarri. Dagoeneko lan-talde bat proiektuaren diseinuan murgilduta dabil Emakumeen Etxean.

3. Emakumeen Etxeko aholkularitza zerbitzuen eskaintza dibertsifikatuindartu da.

2019ko martxoan ireki zituen ateak Emakumeen Etxeak aholkularitza psikologikoa eta juridikoa eskainiz. Ibilbide honetan zehar, pandemia tarteko, eskaerek gora egin dute eta:

• Aholkularitza juridikoaren asteroko hitzordu kopurua handitu da.

• Aholkularitza psikologikorako zerbitzua bikoiztu da, bigarren psikologo baten inkorporazioarekin eta artapenerako adin-tartea 14 urtetara zabaldu da.

4. Eskola Feministaren baitan ahalduntzerako eta elkar zaintzarako taldeen sustapena indartu da.

Indarkeria jasan duten emakumeen elkar-zaintzarako talde iraunkorrari jarraipena ematearekin batera, neska gazteekin adostutako programazioan autodefentsa feministarako tailerrak antolatu ditu Udalak, gazteenen ahalduntzerako.

5. Herri sarreretan trafiko seinale berriak jarri dira “Errenterian eraso sexistei aurre egiten diegu” lelopean.

Hiri paisaian eragiteko eta herri gisa dugun jarrera adierazteko herri sarreretan trafiko seinaleak jarri dira.

6. Baliabideen inguruko informazioa jasotzen duen eskuorria berritu da.

Indarkeria pairatzen duen emakumeen edo indarkeria kasuren bat ezagutzen duen herritarrentzat irisgarria den eskuorria berritu dute, azken urteotako zerbitzu berriak bertan jasoz.

Elkarlanaren beharrezkotasunaz

Bukatzeko, Udalak balorean jarri nahi izan ditu ekimen hauek guztiak garatzeko ezinbesteko zaizkion bi lan esparru:

• Errenteriako Berdintasun Kontseilua.

• Errenteriako Emakumeen Etxeko batzarra.

Bi eremu hauek funtsezkoak dira Udalarentzat berdintasun politikak diseinatu eta garatu ahal izateko.

Era berean, balorean jarri nahi du Errenteriako Mugimendu Feministarekin elkarlanean jardutea; berau baita gai honen inguruan erreferentziako mugimendua Udalarentzat.

Azkenik, adierazi dute urtero bezala Udalak bat egingo duela Mugimendu Feministak biharko deitutako manifestazioarekin.