Irailaren 5ean abiatuko da Bizi Errenteria erosketa bonuen laugarren kanpaina

  • Bonuak Errenteriako etxeetan jasoko dira eta irailaren 5etik abenduaren 4ra izango dira erabilgarri. Bakoitzarekin, 10 € edo gehiagoko erosketan 5 €ko hobaria eskuratuko da.

  • Gazteen artean herrian erosteko ohitura sustatze aldera, bonu gehigarriak jasoko dituzte 18 eta 35 urte arteko gazteek.

  • Udalak ia milioi erdi euro bideratu ditu kanpaina honetara.

  • Aurreko kanpainetan 250 establezimendu baino gehiagotan erabili ahal izan ziren bonuak, eta establezimendu guztiak kanpainaren parte izan daitezen, Udalak dei egin die orain arte atxiki ez diren establezimenduei egin dezaten.

2020an BIZI Errenteria egitasmoa abiatu zen, pertsonak eta herriaren bizigarritasuna erdigunean jarriz, errenteriarren gaitasun ekonomikoa areagotu, tokiko ekonomia bultzatu eta herrian erosteko ohitura sustatzeko asmoz. Beste ekimen batzuekin batera, orain arte erosketa bonuen hiru kanpaina gauzatu ditu Udalak.

Aurten ere, bizi dugun ziurgabetasun ekonomikoak kontsumoa kaltetu dezakeelakoan, beste bonu kanpaina bat aurrera eraman nahi du Errenteriako Udalak.

Ia miloi erdi euro bideratu du udalak kanpainara, 468.460 euro zehazki, herriaren eta herritarren suspertze ekonomiko zein soziala bultzatzeko helburuarekin.

Errenteriako etxebizitza guztietara postaz helduko dira bonuak hurrengo egunetan eta irailaren 5etik abenduaren 4ra bitartean kanpainarekin bat egin duten establezimenduetan erosita hobaria jasoko dute herritarrek.

Erosketa Bonuen 4. Kanpainak aurreko kanpainen bi ezaugarri nagusiak mantenduko ditu:

1. 5 euroko launa bonu helaraziko dira postaz udalerriko etxebizitza bakoitzera eta, bestetik, 18-35 urte bitarteko gazte bakoitzak beste lau bonu jasoko ditu postan.

2. Bonu bakoitzarekin 10 €-ko edo gehiagoko erosketatan 5€-ko hobaria eskuratuko da. Bonuak batera erabil daitezke, baina aplikatutako hobariak ezingo du gastu osoaren % 50a gainditu.

Bonuak erabili ahalko dira BIZI Errenteria programara atxiki diren merkataritza, zerbitzu zein ostalaritza eztablezimenduetan eta zuzenean publikoari saltzeko baimena edo parekoa duten nekazaritzako erregimen bereziko jardueretan.

Aurreko kanpainetan 250 establezimendu baino gehiagotan erabili ahal izan ziren bonuak. Bonuak erabilgarri direneko establezimenduen zerrenda bizi.errenteria.eus webgunean dago eta, gainera, herritarrek atxikitako lokal gisa identifika ditzaten, establezimenduek BIZI Errenteria ikurra izango dute ikusgai.

Establezimendu bakar bat ere kanpainatik kanpo gera ez dadin, Udalak dei egiten die orain arte atxiki ez direnei egin dezaten, ekimenaren eraginkortasuna areagotzeko garrantzitsua baita ahalik eta herriko eragile ekonomiko gehienen parte-hartzea.

Aurreko kanpainetan bezala bonuak fisikoak izango dira. Establezimenduek egin beharreko bonuen kudeaketari begira, berriz, aurten hauen balidazioa eta ordainketa automatizatu egingo da Bizi Errenteria aplikazioaren bidez. Aplikazio honek kudeaketa arindu egingo du, baita informazioaren gardentasuna eta segurtasuna bermatu ere. Atxikitutako establezimenduek sakelako telefonoko aplikazio hau jaitsi eta bonuak balidatu beharko dituzte. Udalak, aplikazioaren bidez balidatutako bonuen baitan, ordainketak egingo ditu.

Bonuen inguruko edozein zalantza argitzeko, Udalak eskuragarri jarri ditu 010 eta 943 44 96 00 telefonoak eta 4. kanpaina honen berri emango da, halaber, bizi.errenteria.eus web-orrian eta Udalaren sare sozialetan.