Kirol-instalazioak zuzenean kudeatu ditu Udalak

Udal kirol-instalazioak (Galtzarabordako kiroldegia, Fanderia eta Beraungo igerilekuak) zuzenean kudeatzen hasi da udala urte hasieran, 2019ko martxotik kudeaketa lanetan aritu den BPXport enpresak egiteari utzi baitio.

Udalaren ustez, kudeaketa uztea ulertezina da, legearen aurkakoa delako eta ondorio gogorrak ekar ditzakeelako enpresa horrentzat.

COVID-19ak eta horrekin batera egon diren murrizketek aldaketak ekarri dituzte herritarren kirol-instalazioen erabileran, eta baita haien erabileragatiko diru-sarreren murrizketa ere. Horregatik, baldintza ekonomikoak berriro orekatzeko negoziazio-prozesu bat ireki zen udalaren eta zerbitzuaren enpresa esleipendunaren artean, COVID-19a iritsi zenean.

Udalak egindako proposamenak eta bi aldeei mesede egingo liekeen irtenbide negoziatu bat lortzeko ahaleginak gorabehera, akordioa ezinezkoa izan da, enpresaren eskakizunak neurriz kanpokoak izan direlako, udalaren iritziz.

Udalak argi izan ditu uneoro bere lehentasunak: diru publikoa zentzuz erabiltzea, kirol-instalazioak irekita mantentzea herritarrei zerbitzua emateari ez uzteko eta subrogatutako pertsonen enplegua babestea.

Negoziazioak eten eta enpresak instalazioak utzi dituenez, udalak zuzeneko kudeaketa bere gain hartu du.

Aldez aurretik eta prebentzio-neurri gisa (enpresarekiko negoziazioa abenduaren 30era arte egon baita irekita), abenduaren 15ean, gaia presaz jorratu zen udaleko osoko bilkuran, eta kudeaketa zuzena bere gain hartzea onartu zen, betiere enpresak kontratua uztearen baldintzapean.

Esleipen berri baterako lizitazioa dagoeneko abian da eta, beraz, kudeaketa zuzena martxora arte luzatuko dela aurreikusten da.

Normaltasuna zerbitzuan

Kirol-instalazioen zuzeneko kudeaketa ez da gobernu-talde honek planifikatutako zerbaiten ondorio, baizik eta zerbitzua kudeatzen ari zen enpresaren erabakiak eragindako egoeraren ondorio, bere kabuz erabaki baitu kirol-instalazioak uztea, legearen aurka.

Izan ere, lanak utziko zituen jakinarazpena abenduaren 3an egin zen, oraindik ere berrorekari buruzko negoziazioak irekita zeudela, eta, beraz, abenduaren 3tik aurrera, udalak azkar eta gogor lan egin behar izan du bi norabideetan: bi aldeei mesede egingo liekeen irtenbide negoziatu bat lortzen saiatzea eta guztia prestatzea azkenean zuzeneko kudeaketa bere gain hartu beharko balitz ere.

Aldaketa bortitza izan den arren, kirol-instalazioak normaltasunez funtzionatzen ari dira urtarrilaren 1etik. Oarsoaldea S.A.k, Errenteriako Udalaren bitarteko propio denak, kudeatzen ditu orain langile subrogatuak. Subrogazioaren parte da horniduren kudeaketa ere eta, besteak beste, aste honetan, informatikako zenbait gora-behera konponduko dira.

Instalazioen funtzionamenduari dagokionez, ez da inolako aldaketarik aurreikusten. Hau da, asmoa da egungo eskaintzari eustea eta erabiltzaileek gure kirol-esparruetan aurkezten diren proposamen ugariez gozatzen jarraitzea. Ordutegia ere mantendu egingo da.

Gogoratu pandemia bat bizitzen ari garela eta COVID-19aren bilakaerak aldaketak edo egokitzapenak ekar ditzakeela kirol-kudeaketari dagokionez.

Udal gobernu taldeak eskerrak eman nahi dizkie udaleko langile guztiei, Oarsoaldekoei eta kirol-instalazioetako langile subrogatuei BPXport-en legez kanpoko erabakiak gure herritarren bizi-kalitatean eragin negatiborik izan ez zezan gogor lan egiteagatik.