Klima aldaketari aurre hartzeko, 25 milioi euroko hamarkadarako plana osatu du Udalak

Errenteriako Udala hamarkada honetarako Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko ekintza plana (KEIEP) garatzeko proiektuan murgilduta ibili da azken hilabeteotan, zeina maiatzaren 3ko Tokiko Gobernu Batzordean onartu zen. Plan horren bidez, klima aldaketak herrian eragingo dituen aldaketei aurre hartu eta energia iraunkorraren bidean pausoak eman nahi ditu udalak.
Plan hori zuzenean inplikatutako udaleko arlo guztietatik, Energia Mahaitik; Ingurumen Aholku Batzordetik eta herritar zein eragileen partaidetzatik jasotako ekarpen eta proposamenekin osatu da. Beraz, lehenik eta behin prozesu honetan bidelagun izan diren guztioi eskerrak eman nahi zaizkie.
KEIEP Planean hiru helburu nagusi zehaztu dira 2030. urterako:
• Udalerriko Berotegi Efektuko Gasen emisioak %55 murriztea, 2007an emititutakoekin arabera.
• Udal instalazioetako energia-kontsumoa %35 murriztea, 2007ko kontsumoaren arabera.
• Udal instalazioetako energia berriztagarrien tokiko sorkuntza %32raino handitzea.
• Helburu hauek lortu ahal izateko 25 milioi euroko inbertsioa egingo da datozen 10 urteetan. Guztira 148 ekintza jasotzen dituen plana osatu da, horietako 126 Berotegi Efektuko Gasen emisioak gutxitzera bideratuta eta 22 klima aldaketaren ondorietara egokitzeko arintze ekintzak garatzeko.
Hemendik aurrera ere, udalak hartutako konpromisoaz edota garatu ditzakeen politikez haratago, herritarren zein herriko eragileen inplikazio eta ekimena ezinbestekoa izango da ekintza plan honetan jasotako helburuak betetzeko. Horregatik herritar zein eragile guztiei dei egiten zaie planean zehaztutako helburuak lortzera bidean, norbere eremutik ekarpenak egin eta bide horretan lagungarri izango diren ekimen kolektiboetan parte hartzeko. Hala nola, martxan jarri berri den Energia Berriztagarrien Komunitatearen sorrera prozesuan.
KEIEP-ek bere baitan hartzen dituen ekintzen barruan energia komunitate batean sorrera dago. Dagoeneko abian dagoen ekintza honen izaera hirukoitza da. Hain zuzen ere, energia komunitatearen lehenengo ezaugarria da planaren neurrietako bat izatea da. Bigarrenik, herritarrak sentsibilizatzeko eta ahalduntzeko tresna izango da. Eta azkenik, planaren beraren gauzatzerako eta garapenerako subjektu gisa jokatuko du.
Gogoratu beharra dago energia komunitatearen sorrera prozesua abiatuta egonik ere, oraindik ere herritarren, enpresen eta bestelako eragileen parte hartzerako irekia dagoela.