Landa-eremuan hondakinen gaikako bilketa-sistema berria abian jarri du Udalak

  • Landagunean bost hondakinetako ekarpen-gune jarri dira: Zamalbide, Zentolenberri, Masti-Loidi, Zerradi (Oiartzun) eta Benta-Auzolan (Astigarraga).
  • Datorren astean landagunean dauden edukiontzi zahar guztiak, baita lurpekoak ere, kendu egingo dituzte.

Ingurumen hobekuntzarako eta legedi berria betetzeko asmoarekin, Errenteriako Udalak 2017an hiri-eremuan ezarri zuen hondakinen gaikako bilketarako udal sistema berria, eta orain urte eta erdi geroago 2019an bukatu du landaguneko ezarpen prozesua. Lau eremuetan banatu da: Zamalbide, Zentolen, Sanmarko eta Aldura.

Udalak bost ekarpen gune ezarri ditu eta bakoitzean gaikako bilketa egiteko edukiontziak jarri dira: marroia (biohondakinak), horia (ontzi arinak), urdina (papera-kartoia), berdea (beira) eta grisa (errefusa, birziklagarria ez dena).

2018ko abenduan eta 2019ko urtarrilean ekarpen guneak irekitzeko behar diren giltzak eta txartel elektronikoak banatu dituzte baserri eta etxebizitzetan, baita hondakinak jatorrian gaika bereizten lagunduko duten informazio-gidak, kuboak eta poltsa konpostagarriak ere. Izan ere, datorren astean landa-eremuan zeuden edukiontzi zaharkitu guztiak, bai lur gainekoak eta baita lurpekoak ere, kenduko dira behin betirako, gaikako bilketa-sistemaren ezarpena bukatuta.

Udalak eskatzen du landaguneko herritarren elkarlana, Ingurumenaren eta osasun publikoaren alde egiteko. 2018an Errenteriako herritarrok sortutako hondakinen %60aren gaikako bilketa lortu zuten.

Zalantzak argitzeko edo informazio gehiago jasotzeko deitu hurrengo telefonoetara: 010 (Errenteriatik egindako deietan) eta 943 449 600.