Madalenak bertan behera uztea erabaki dute Madalenetako Jai Batzordeak eta Udalak

Jai Batzordeak Udalarekin batera antolatzen ditu urtero Madalenak herritik eta herriarentzat. Urte hauetan zehar, Errenteriak jai herrikoiak, parekideak, parte-hartzaileak, berdinzaleak… izan ditzan ilusio handiz aritu dira lanean.

Aurtengoa, baina, urte berezia da. Covid-19ak sortutako egoeraren aurrean eta herritar guztion osasunaren mesedetan, Madalenak bertan behera uztea erabaki dute Jai Batzordeak eta Udalak: “Ez da erabaki erraza, guztiok maite baititugu Madalenak, baina bizi izan dugun eta oraindik bizitzen ari garen egoera aintzat hartuta, guztion osasunaren mesedetan, elkar zaintza lehenetsi behar dugu. Topaketa sozial jendetsuak saihestu behar ditugu eta honek talka egiten du Madalenen helburuekin, baita ohiko jai molde eta jaien izaerarekin ere”, adierazi dute.

Erabaki hau, maiatzeko plenoan, udal-korporazioak hartutako erabakiaren ildotik doa: aurtengo Madalenetan pertsona edo entitate jakinik ez da omenduko eta oro har, komunitate gisa elkar zaintzeko izan dugun konpromiso eta jokabidea aitortuko da modu kolektiboan.

Une honetan, helburua, komunitate gisa jokatzen jarraitzea eta elkar zaintzenjarraitzea dela esan dute eta ardura ardatz hartuta lanean ari direla: “Horregatik inoiz baino ilusio, indar eta konbentzimendu handiagoz jarraituko dugu lanean. Hain harro sentiarazten gaituen herri biziaren nortasunari eutsiz, eta  komunitatea sendotuz, arduraz eta erantzukizunez”.

Modu sinbolikoan bada ere, Madalena egunetan herritarrei zer eskaini aztertzen ari dira orain.