Madalenetako egitaraua aurkeztu dute korporazioko kideek

Madalenetako programaren aurkezpen ofiziala egin dute gaur, hilak 9, Udaletxeko Pleno Aretoan, udal ordezkariek.

Hasteko, Aizpea Otaegi alkateak Madalenek komunitate baten mundu-ikuskera islatzen dutela adierazi du: “Nondik gatozen, gaur egun zer garen eta izan nahi genukeena adierazteko egunak dira”.

Era berean, Madalenak hiru baliorekin ertsiki lotuta ageri direla gaineratu du: “Alde batetik, partaidetza, herriko pertsona eta eragile asko eta askoren partaidetzarik gabe ez dagoelako Madalenarik. Bestetik, konpromisoa, herri hau konpromisoaren gainean eraikia baitago. Duintasuna da konpromiso horren adibide garbi bat eta horregatik nahi izan du korporazioak, Duintasunak izan zezan presentzia eta protagonismo berezia aurtengo Madalenetan. Euren orainaren eta gure etorkizunaren alde egiten duten lanari aitortza da”.

Azkenik, hirugarren balioa nabarmendu nahi izan du, zaintza: “Horixe baita izan nahi duguna: bakoitzak bere modura, bakoitzak maite duena eginez eta maite dituenekin, berdintasunean eta aniztasunean gozatutako festak. Begi bat norberaren gozamenean jarrita, bestea ingurukoenean. Eraso sexistak, LGTBIQ+foboak, arrazistak edota bestelako desberdinkeriatan oinarritutako erasoek inolako tokirik izango ez duten jaiak nahi ditugu eta hori guztion ardura da”.

Bere aldetik, Ion Collar Kultura zinegotziak Jai Batzordearen eginkizuna ere azpimarratu du. Azaldu duenez, aurten 35 elkartetik gora aritu dira urtarriletik lanean adin guztietarako egitarau zabal eta anitza prestatzeko ardura Udalarekin elkarbanatuz. Honekin batera, haur eta gazteen proposamenak jasotzeko lanketa ere azpimarratu du.

Azken urteotan bezalaxe, txupinazoa bizitzeko modu ezberdinak izango direla jakinarazi du: mila koloreko txupinazo txikia, Holi txupinazoa eta txupinazoa zuzenean bizitzeko hiru aukera; izan ere, Herriko plazan, Zumardian jarritako pantaila erraldoian edo Herri Bizia webgunearen bitartez ikusi ahalko da.

Agerraldian aurtengo musika programazio zabala nabarmendu du eta horren harira atera den kartela erakutsi du baita ere.

Berdintasun zinegotzia den Itziar Ostolazak azpimarratu du, iaz bezala, aurten ere, 24 orduko arretarako telefonoa martxan jarriko dela (650 407 858), eta beraz, edozein eraso sexista jasanez, ikusiz edo entzunez gero telefonora deitzeko aukera egongo dela. Gainera, jaietan zehar gauero auzoetara autobus zerbitzua egongo dela adierazi du.

Era berean, sentsibilizaziorako eta prebentziorako hainbat ekimen jarriko dira martxan. “Madalenak pertsona guztion gozamenerako jaiak dira eta ez dugu inolako eraso sexistarik onartuko. Guztiok errebistatu behar ditugu egunerokoan, eta bereziki jaietan, ditugun jarrerak: mikromatxismoak, norberarenak zein albokoenak. Horiek identifikatzen hasteko gonbita luzatu nahi diegu herritarrei”, erantsi du.

Euskararen sustapenari dagokionez, Madalenak hizkuntza askoren topagune izaten direla aipatu du Ostolazak: “Probestu dezagun aukera hau hizkuntza ezberdinak entzun eta ezagutzeko. Baina, beti, euskararen zaintzatik. Horretarako, aurten ere, hiztegitxoak banatuko ditugu kale saltzaileen artean. Beraz, kaleko saltzaileei ere egin lehen hitza euskaraz eta lagundu, hiztegiez baliatuta, harremanetarako oinarrizko hizkuntza ezagutarazten. Baina, bereziki, izan gaitezen ahobizi eta belarriprest eta bizi ditzagun jaiak euskaraz! Euskaraz gozatzea gozamena baita!” azpimarratu du.

Programa, paperean eta digitalean

Bihartik aurrera eskuratu ahal izango dira bai egitaraua eta baita poltsikorako bertsioa ere. Hilaren, 10, 11 eta 12an egingo dute banaketa 10:00etatik 13:00etara udaletxeko arkupetan.

Baina Herriko plazako arkupeak ez dira izango programa jasotzeko leku bakarra: publizitatea jarri duten saltokietan, liburutegian, Galtzaraborda, Fanderia eta Kaputxinoetako kirol instalazioetan eta gainontzeko udal eraikinetan ere izango dira eskuragarri. Herriko auzo elkarteei ere eskaini dizkiete egitarauak eurek bana ditzaten. Horrez gain, Oarso aldizkariarekin ere banatuko dute.

Guztira, 9.400 ale argitaratu dituzte paperean.

Digitalean, berriz, herribizia.errenteria.eus/madalenak-2019 helbidean izango da egitarau osoa.

Horrez gain, Herri Bizia Udal APPan modu oso bisualean ere ikusgai egongo da. Horrela nahi duenak informazio guztia eskuragarri izango du bere dispositibo mugikorrean.

Azkenik, herritarrei gonbita luzatu die Collarrek, jaiak nola bizi dituzten partekatu nahi badute #Madalenak2019 traola erabiltzeko, sare sozialetan argazkiak, txioak… sareratzerako orduan. Madalenen kontakizun kolektiboa egin ahal izango da modu horretan.