Maiatzaren 27an irekiko ditu ateak Lekuona Fabrikak

Kultur sorkuntza aberatsa izatea Errenteriako ezaugarri nagusienetarikoa da egun, eta ezaugarri hori indartzera dator Lekuona Fabrika. Horretarako, espazio zabalak eskainiko ditu; herritarrak topatzeko, sorkuntza garatzeko eta kulturarekin lehen harremana izateko espazioak. Hala azaldu du gaur goizean, prentsa aurrean, fabrika berriaren gidaritza taldeak.

“Maiatzaren 27an herritar guztiei bere ateak irekiko dizkie Lekuona Fabrikak. Gaur arteko bidea ez da erraza izan, luzea izan da ibilbidea; gainera, Covid-19ak sortutako pandemia dela-eta, irekiera ez da unerik egokienean gertatuko baina testuinguru honetan, kultura inoiz baino garrantzitsuagoa dela sinisten dugu”. Hitz hauekin eman dio hasiera Aizpea Otaegi alkateak prentsaurrekoari.

Proiektuaren jatorriari erreferentzia egin nahi izan dio, ondoren, alkateak eta ‘Errenteria 2025 Plan Estrategikoa’k kultura erdigunean jartzearen aldeko apustu garbia egiten duela azaldu du: “Kulturak badu gaitasun eraldatzaile ukaezin bat. Gizarte kohesioa erdiesteko ezinbesteko tresna gisa ulertzen dugu guk eta sorkuntza, pertsonen garapenerako balioa izateaz gain, garapen sozioekonomikorako elementu garrantzitsua dela argi dugu. Lekuona lerro estrategiko honi erantzuna ematera dator”.

Hau horrela, Lekuona Fabrika Errenteriako kultur bizitzaren epizentro gisa deskribatu du eta bere irekierak herriko kultur ekosisteman jauzi kualitatibo garrantzitsua suposatuko duela: “Niessen Kulturgunea, Reina Aretoa, Merkatuzar, Dantzagunea… kultur ekipamendu guztiak ezinbesteko osagarri izango dira Lekuonarentzat”.

“Inguruan parekorik ez duen azpiegitura izango da; eraikinaren ezaugarri teknikoengatik ez ezik, barruan gertatuko denagatik, batez ere. Eta barruan gertatuko den hori herritarrekin batera sortu nahi dugu, Lekuona Fabrikari nortasuna emango dion proiektua denon artean sortu”, jarraitu du Otaegik.

Hala, kudeaketa ereduan bertan txertatu nahi izan dute herritarren parte-hartzea eta horren erakusle den gidaritza taldeko kideak aurkeztu ditu ondoren: Ion Collar Kultura zinegotzia, Iñaki Queralt Liburutegiko zinegotzia, Iker Tolosa Kultura teknikaria (prentsaurrekoan ezin izan da egon), Junkal Mintegia Herritar Plazaren arduraduna, Mari Jose Pascual Liburutegiko arduraduna (prentsaurrekoan ezin izan da egon), Kukai Dantza eta Dejabu herriko bi konpainia egoiliarretako ordezkariak eta Aizpea Otaegi alkatea bera.

Egiteko ezberdinak izango ditu gidaritza talde honek; proiektuaren helburuak betetzeko estrategia marraztea izango da bat. Helburu horiek aipatu nahi izan ditu alkateak: “Lekuonak kultura herritar guztien esku jarri nahi du, kultur sorkuntzarako espazioak eta baliabideak eskaini nahi dizkie herritar zein sortzaile profesionalei eta herritarren arteko harremanak sustatzeko lekua izan nahi du”.

Udal biblioteka, mediazioak eta Herritar Plaza

Aipatu helbuak erdiesteko, hiru lan ildo nagusi izango dira fabrika berriaren oinarri: udal biblioteka zerbitzua, arte bizien egonaldi eta mediazio programa eta Herritar Plaza.

Herritar Plaza izango da, hain zuzen, gidaritza taldearen bidelagun egunerokoan. “Esan dugu herritarren parte hartzeari garrantzia berezia eman nahi diogula, erabaki ahalmena eman nahi diegu eta horregatik sortuko dugu Herritar Plaza”.

Hala, lan ildo honen bidez, Lekuona Fabrikako programazioaren parte bat erabakiko duen herritar batzorde bat sortuko dela azaldu du alkateak. Baina ez hori bakarrik, Herritar Plaza interes antzekoak dituzten herritarren taldeak osatzeko bidea izango da eta deialdi bidez hautatuko dituzten herritarren behar edo erronka jakin batzuei erantzuteko proiektuak sustatuko ditu.

Udal biblioteka eraikinak dituen 3 solairu nagusietan banatuta egongo da eta bertako baliabide eta funtsek bat egingo dute programazio eta jarduera orokorrekin. “Bibliotekaren xedea irakurle eta liburuen arteko topaketa lortzeaz gain, komunitatea eta belaunaldi ezberdinen ezagutza partekatuak ahalbidetzea izango da, hau da, ohiko erabilera pertsonalak bermatzeaz gain, erabilera komunitarioetara jauzia emateko bideak irekitzea”, adierazi du Otaegik.

Arte bizien egonaldi eta mediazio programaz ere hitz egin du eta lan ildo honen helburua egonaldi programa baten bidez arte bizien sorkuntza prozesuak babestu eta laguntzea dela esan du. Baina ez hori bakarrik, konpainia profesionalei lanerako baldintzak erraztearekin batera, mediazio plangintza baten bidez, sorkuntza bera herriko eragile eta herritarrekin partekatzeko lan sistema bultzatu nahi dutela azaldu du: “Mediazioa tresna moduan egituratu eta egonkortzea berrikuntza garrantzitsua izango da eta erronka handia, beraz”.

Egonaldi artistiko hauek Lekuonako auditorioan gertatuko dira: “Konpainia profesionalentzako lanerako tokia izango da, euren sorkuntzak garatzeko espazioa bai eta prozesu hauek herritarrekin partekatzeko gunea”. Horrez gain, auditorioak ikuskizun berezi eta handiak hartzeko aukera eskainiko duela ere azpimarratu du alkateak eta lehendabizikoa maiatzaren 29 eta 30ean izango dela aurreratu du.

Osagai hauekin guztiekin espazio atsegin, bizi eta dinamiko bat sortu nahi dute eta bizitasun hori fabrikaren izena iragartzeko eraikinaren goiko aldean kokatzen diren pantailetan islatu nahi izan dutela azaldu du Otaegik: “Lekuona hitza osatzen duten 7 hizkiak mugimenduan jarri ditugu eta mugimendu horren konbinaziotik hitz ezberdin eta bereziak sortzen dira etengabe, Lekuona barruan gertatuko dena ere egunero ezberdina izango delako”.

Bisita gidatuak herritarrentzat

Eraikin berriko ate nagusiak maitzaren 27an zabalduko badituzte ere, data horren aurretik, herritarrek Lekuona Fabrika barrutik ezagutzeko aukera izango dute. Izan ere, eraikina bera eta baita proiektua ere ezagutzeko bisita gidatuak antolatuko baitira hilaren 15etik aurrera. Asmoa da aste batzuetan zehar, astelehenetik larunbatera bi bisita eskaintzea egunean, bata goizez eta arratsaldez bestea, euskaraz batzuk eta gaztelaniaz beste batzuk.

Bisita hauetan parte hartzeko, txanda erreserbatu beharko dute interesdunek Niessen Kulturguneko harreran zein bibe.me plataforma digitalean. Bisiten xehetasun guztien berri, hala ere, aurrerago emango dutela jakinarazi du.

Halaber, herriko eragile eta sortzaileekin bilerak egingo dituzte bihartik aurrera. Hauen helburua izango da aurrera begirako elkarlanaren oinarriak eraikitzen hastea edo sektorekako aurkezpen informatiboak egitea. Bilera hauetarako gonbidapenak jada egiten hasiak direla esan du Otaegik.