Mendebaldeko Saharako tentsioak gora egin duela eta, adierazpen instituzionala

Errenteriako Udalak gaur arratsaldean Euskadiren Saharako Ordezkaritzaren delegatua den M. Liman Mohamed Aliri eta bere laguntzailea den Brahim Abdelfatah Mohamedi egin dien harrerarekin bat etorriz, eta Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna dela-eta hainbat ekitaldi egiten ari diren aste honetan, Udalak honako adierazpen instituzional hau egin du:

Joan den urritik, tentsioak gora egin du Mendebaldeko Saharan. Euren egoera egunetik egunera nola okertzen zen hainbat urtez ikusteaz gogaituta, saharar ekintzaileak Guerguerateko pasabidean bildu ziren beren herriaren autodeterminazio-eskubidea eskatuz.

Marokoko armadaren erantzunaren aurrean, Fronte Polisarioak adierazi zuen azaroaren 13an Marokoko Indar Armatuek nahita urratu zutela 1991tik indarrean zegoen Maroko eta Fronte Polisarioaren arteko su-etenaren akordioa.
Hori dela eta, Errenteriako Udalak honako ADIERAZPEN INSTITUZIONALA egin nahi du:

1. Elkartasuna eta babesa adierazten dio Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoari, (SEAD), Fronte Polisarioari, Saharar guztiei eta modu berezian Euskadin eta Errenterian bizi den Saharar komunitateari.

2. Berretsi egiten du Saharar Herriak duen autodeterminatzeko eskubidea eta Mendebaldeko Saharako gatazkari bukaera emango dion eta alde bientzat onargarria izango den autodeterminazio-erreferenduma egiteko beharra.

3. Bidezkoa eta iraunkorra izango den irtenbide politiko bat aspaldi eskatzen ari den euskal gizartearen elkartasunarekin bat egiten du. Eta, beraz, Sahara herriaren egoera salatzeko eta elkartasuna adierazteko antolatutako elkarretaratzeekin bat egiten du.

4. Babes eta elkartasunaren erakusgarri Udaleko balkoian Saharako bandera jarriko da.