Niesseneko lurpeko aparkalekurako hilabeteko abonamendu gehiago eskainiko dira

Duela urtebete eskas Udalak jakinarazi zuen akordio batera iritsi zela Niesseneko aparkalekua kudeatzen duen emakidunarekin 30 hilabeteko abonamendu eskaintzeko interesa zuten auzokotarrei. Orain 10 toki gehiago eskainiko dira, beraz, eskaintza 30 plazatik 40ra igoko da.

Hasierako salneurria mantendu da, hilean 75 eurotan. Bonu bakoitzak hilabeterako balio du, baina berritu daiteke, eta hileroko bat ordaindu beharko da fidantza gisa. Eskaerak egin behar zaizkio zuzenean Murias Center 4 enpresari, posta elektronikoz (centroniessen@yahoo.es), telefonoz (696983861) edo Niessen Zentroko bulegoetan (Txikipark zenaren aldamenean), astelehenetik ostiralera (ordutegia: 09:00-14:00 eta 16:00-19:00).

Lehentasuna izaten jarraituko dute helbide hauetan erroldatutakoek:

• Nafarroa hiribidea: 26-32 arteko atari bikoitiak, eta 59-79 arteko bakoitiak
• Amasa kalea
• Astigarraga kalea
• Donostia kalea
• Hondarribia kalea
• Irun kalea
• Oiartzun kalea
• Pasaia kalea
• Iztieta pasealekua
• Diputazio plaza
• Alfonso XI.aren kalea
• Kapitanenea kalea: 12-20 arteko atari bikoitiak, eta 13-17 arteko bakoitiak
• Francisco Gazkue kalea
• Jose Erbiti kalea
• Santxoenea kalea: 22 ataria, eta 27-31 arteko bakoitiak
• Segundo Ispizua kalea
• Vicente Elizegi kalea
• Biteri kalea: atari bikoiti guztiak
• Fernandez de Landa plaza
• Olibet auzoa

Aparkaleku berriak jada eskuragai daude interesa dutenentzat. Eskaera berriak orain artekoei gehituko zaizkie eta bonu baino eskaera gehiago aurkezten badira, itxaron zerrendan sartuko dira, iristen diren ordenaren arabera.

Udalak gogorarazi nahi du bonu bakoitzak ez duela plaza jakin bat esleituta; hartara, momentu jakin batean aparkalekua beteta badago, plaza bat libre geratu arte itxaron beharko da sartu ahal izateko, gainontzeko erabiltzaileen moduan, sarrera bakarra baitago.