Oraindik ere zabalik da kirol jarduera gidatuetan izena emateko epea

Galtzaraborda eta Fanderia kiroldegietako jarduera gidatuetarako izena emateko epea zabalik da oraindik.

Zirkulazio askeko jarduera ugari daude ‘Kirol Ekintzak’ programaren baitan, hala uretakoak nola aretokoak. Sarrera askeko formatuan 160 saio baino gehiago eskaintzen dira astean eta 22 modalitate desberdin (indoor zikloa, aerobica, zumba, pilatesa, body combat, yoga,…).

Formatu honekin, tarifa bakar bat ordainduta ikastaro guztietara sartzeko aukera dago, mugarik gabe, Galtzaraborda eta Fanderiako Udal Kiroldegietan. Ikastaroak bakoitzaren behar, ordutegi, konpromiso eta abarretara egokitzen dira, eta ez alderantziz. Aukera dago erabakitzeko jarduera batetara noiz joan, zein egun eta ordutan, eta jarduera aldatu edo jarduera desberdinak probatzeko.

‘Kirol Ekintzak’ eskaintzaren barruan ekintza zehatzagoak ere badaude kirol jakin batzuetan norberaren errendimendua edo teknika hobetzeko. Besteak beste, helduentzako ‘Igeriketa Eskola’, zenbait mailatan banatua.

Gainera, denboraldi honetan Trainingym App aplikazioa erabili daiteke, lehenengoz, ‘Kirol Ekintzak’ egitasmoko saioak erreserbatzeko kirol zentrora joan beharrik izan gabe. Horrela, erabiltzaileek telefono mugikorrean aplikazioa jaitsi eta beren entrenamenduetako datuak eskuratu eta beren ekintzak planifikatu ahal izango dituzte. ‘Kirol Ekintzak’ egitasmoko ikastarogileek modu eroso batean antolatu ditzakete asteko jarduerak, eta fitness aretoetako erabiltzaileek ere aplikazio horren funtzioak erabili ahal izango dituzte beren entrenamenduetako aurrerapenak kontsultatu eta monitorizatzeko. Trainingym App aplikazioa doan jaitsi daiteke App Store eta Google Play-en.

Umeentzako ikastaroak

Aurreko urteetan bezala, txikienentzako eskaintza ere badago. Denboraldi honetan ‘Haurtxoentzako uretako ekintzak’ egiten jarraitu eta gozatzeko aukera dago. 2016 eta 2018 bitarteko urteetan jaiotako umeek parte har dezakete ekintza honetan. 2015ean eta aurretik jaiotako haurrek ‘Igeriketa Eskolan’ dute beren lekua.

Halaber, ‘Dantza Eskola’, ‘Karate’ eta ‘Gimnasia erritmikoa’ modalitateak eskainiko dira denboraldi honetan ere haurrentzat.

Haurrentzako ekintzak astean behingo edo bitako saioetan egin daitezke. Interesa duten pertsonentzat talde batzuetan plaza libreak gelditzen dira.

Informazio gehiago

Argibide gehiago behar izanez gero, Galtzarabordako (943 449 690) eta Fanderiako (943 344 423) harreretan edo udal web orrian kontsulta daiteke.