Salahdin Abdala Abdala Hanafi Saharako Presoen eta Desagertuen Senideen Elkarteko kideari harrera egin dio Udalak

Udal korporazioak, alderdietako bozeramaileen ordezkaritzarekin, Salahdin Abdala Abdala Hanafi Saharako Presoen eta Desagertuen Senideen Elkarteko kideari harrera instituzionala egin diote gaur eta bere errealitatea lehen pertsonan ezagutzeko aukera izan dute.

Harrera hori Herribabes Sarearen IV. Foro Ibiltariaren esparruan egin da. Foro horretan Euskal Herriko 10 udalek hartzen dute parte, horien artean, Errenteriako Udala.

Herri Babesarea giza eskubideen defendatzaileen babeserako euskal udal sarea da, eta bertan zenbait udalek parte hartzen dute. Sarearen helburua da udal-administrazioen, euskal gizarte-erakundeen eta hegoalde globaleko giza eskubideen defendatzaileen erakundeen arteko ahaleginak koordinatzea, tokian tokitik giza eskubideen defendatzaileen babesa sustatzeko asmoz.

Saharako Presoen eta Desagertuen Senideen Elkarteko kide den Salahdin Abdala Abdala Hanafi errefuxiatu kanpamentuetan bizi izan da azkenaldian, baina Mendebaldeko Saharako zonalde okupatuetan ere bizi izan da denboraldi batzuetan zehar, sartu eta atera ibili da segurtasun arazoak zirela eta. Egun, hiru hilabeteko iraupena duen Zaragozako harrera plan batean dago, eta horregatik parte hartu ahal izan du goizeko harrera instituzionalean.

Saharako Presoen eta Desagertuen Senideen Elkarteari buruz

Saharako Presoen eta Desagertuen Senideen Elkartea (AFAPREDESA) honako honi aurre egiteko erantzun zibil moduan sortu zen: giza eskubideen egoera deitoragarria, desagertuak zein torturatuak defendatzeko ezintasuna eta Marokok Mendebaldeko Saharan garatutako inbasio zibil eta militarraren ondorioz guraso, seme-alaba, emazte edo neba-arreba moduan jasaten duten estutasuna.

AFAPREDESA 1989ko abuztuaren 20an eratu zen Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetan. Giza eskubideen defentsarako gobernuz kanpoko erakunde sahararra da, eta halaxe aitortzen dute Saharako legeek.

Giza Eskubideen Afrikako Batzordeko kide behatzailea da, baita pertsona guztiak nahitaezko desagertzeen aurka babesteko Nazioarteko Koalizioko kidea ere.

NBEko Giza Eskubideen Kontseiluan parte hartzen du Genevan. Era berean, Europako Parlamentuaren aurrean ere badihardu.

Marokoko gobernuak AFAPREDESA debekatu badu ere, lanean jarraitzen du okupatutako lurraldean.