Trafiko mozketak egongo dira larunbatean Donostiako Klasikoa dela-eta

Donostiako Klasikoa 2021eko emakumezkoen zein gizonezkoen probak direla eta, Udaltzaingoak trafikoaren gaineko zenbait neurri ezarri ditu uztailaren 31rako.

Zirkulazioaren gaineko neurriak

Lartzabaleko biribilgunearen eta Galiziako biribilgunearen (Niessen) arteko Nafarroa hiribideko zatia eta azken biribilgune horren eta Lezoko biribilgunearen arteko zatia itxita egongo dira trafikoarentzako, gutxi gorabehera, 10:45etik 12:45era, emakumezkoen probarako, eta 14:45etik 17:15era, gizonezkoen probarako, uztailaren 31n. Trafikoa une jakin batzuetan ireki ahal izango da.

Beharrezkoak ez diren itxaronaldiak saihesteko, gidariei eskatzen zaie ordutegi horiek kontuan har ditzatela eta ordezko bideak erabil ditzatela; horretarako N-1 errepidea (saihesbidea) eta erdialdeko kaleak erabiltzea gomendatzen zaie auzoetara sartzeko.

Halaber, erdigunetik oinez joateko asmoa duten herritar guztiei eskatzen zaie kontuan har ditzatela ordutegi horiek eta arreta handiz ibil daitezela ibilbideak eragindako oinezkoentzako pasabideak zeharkatzean.

Nafarroako etorbidean kaltetutako eremuan dauden garajeetan aparkatzen dutenek kasu horietan erabili ohi diren sarbideak erabili beharko dituzte.