Udalak Barandiaran Parkearen proposamena aurkeztuko du. Hilabetez ekarpenak egin ahal izango dira hiri-parke horren diseinuan

Badira hilabete batzuk Errenteriako Udalak laguntza tekniko bat kontratatu zuela Pontikako Barandiaran Parkearen diseinua, erabilerak eta jarduerak zehazteko.

Diseinu-prozesuaren barruan, orain arte landutako proposamenak hartu dira kontuan, baina proposamen horiek berrikusi eta zehaztu dira, genero-ikuspegia, irisgarritasun unibertsala, baliabideen erabilera eraginkorra eta biodibertsitatea kontuan hartuta.

Herri mailan hiri-parke horren garrantzia dela eta, bi ekintza programatu dira proposamena aurkezteko.

Alde batetik erakusketa bat egingo da Pontika auzoan, Auzo Elkartearen inguruan, abenduaren 17an, ostirala, 17:00etatik 19:00etara eta 18an, larunbata, 11:00etatik 13:00etara. Erakusketak irauten duen bitartean, talde teknikoari kontsultak eta ekarpenak egin ahal izango zaizkio bertan.

Bestalde, udalaren webgunean proposamena gizarteratzeko gune bat jarriko da ostiraletik aurrera hemen: www.errenteria.eus/barandiaran-parkea. E-posta helbide bat ere jarriko da iradokizunak egiteko: partaidetza@errenteria.eus.
Parkearen diseinuari buruzko iruzkinak egiteko epea 2021eko abenduaren 20tik 2022ko urtarrilaren 20ra izango da.