Udalak herritarren asebetetzeari eta beharrei buruzko inkestaren emaitzak aurkeztu ditu

Ezkerretik eskuinera: Ekhi Zubiria, Aztikerreko teknikaria; Aizpea Otaegi, alkatea; Maite Gartzia, alkateordea.

Abenduko azken asteetan eta urtarrilaren hasieran inkestak egin ziren herritarren artean ezagutzeko udalerriarekin, Udal Gobernuarekin eta Udalak ematen dituen hainbat zerbitzurekin lotutako hainbat gairi buruzko iritzia.
2016az geroztik inkesta hau bi urtean behin egin da. Egiten den hirugarren aldia da beraz, eta antzeko egitura izan duenez, emaitzak alderatzeko aukera ematen du.

Halabaina, eta Covid-19ak eragindako testuingurua bizitzen ari garelako, Covid-19aren eraginari buruzko dimentsio ezberdinei buruzko iritzia ere jaso nahi izan dugu, bai eta herritarrak pandemia nola bizitzen ari diren ere.

Bestalde, aurreko urteekin alderatuta, inkesta gehiago egin dira. 600 inkesta egin dira Errenterian bizi diren 18 urtetik gorakoen artean ausaz aukeratutako herritarrei, eta azken laginak udalerriko biztanleriaren errealitatea ordezkatzen du. Inkestak Aztiker soziologia ikerguneak egin ditu.

Inkestaren bidez jaso diren iritziak eta atera daitezkeen ondorio nagusiak oso garrantzitsuak dira Udalarentzat, martxan dauden edo agintaldian zehar martxan jarriko diren proiektuak eta udal-politikak zehazteko lagungarri direlako.

Ondorio nagusiak

Oro har, balorazioak eta erantzunak positiboak izan dira, bai Errenteriarekiko bizileku gisa, bai Udal Gobernuarekiko eta bere kudeaketarekiko, baita gure udalerriaren etorkizuneko proiektuekiko ere. Bi dimentsio nabarmendu daitezke:

– Positiboki baloratzen da pertsona ahulenak edo zaurgarrienak babesteko egiten den lana (adinekoak, baliabide gutxien dituzten pertsonak, etab.), bai gizarte-zerbitzuen esku-hartzearen ikuspegitik, baita Covid-19aren testuinguruan hartutako neurriei dagokienez ere.

– Udalerriko auzoek Udalaren aldetik jasotzen duten arretak auzotarrentzat duen garrantzia azpimarratzen da.

Udalerriarekiko asebetetze-maila eta arazo nagusiak:

Errenteriarren batez besteko asebetetzea herriari dagokionez, 10etik 8,1ekoa da, eta nabarmentzen dira garraio publikoari dagokionez udalerriak dituen loturak, herriko giroa eta, oro har, bizimodu lasaia.

Inkestari erantzun diotenen kezka nagusien artean bi nabarmentzen dira: segurtasun falta eta aparkalekuen premia.

Udal Gobernua eta kudeaketaren balorazioa:

Udal Gobernuari buruzko balorazio orokorra 10etik 7,1ekoa da, eta % 87k uste du “Errenteriako arazoak konpontzen ari dela” edo “badakiela nola konpondu, baina denbora gehiago behar duela”. Oposizioari buruzko iritziari dagokionez, % 28,1ak uste du ez duela ez laguntzen, ezta oztopatzen ere.

Hainbat zerbitzuri eta auzo bakoitzak Udalaren aldetik jasotzen duen arretari buruz galdetuta, ezberdintasunak antzeman dira; balorazio positiboena Erdigunea-Olibet-Etxe Berrietako bizilagunena da, eta negatiboena berriz, Galtzarabordan eta Iztietan bizi direnena.

Etorkizuneko proiektuak

Inkestari erantzun diotenentzako proiektu eta ekintza-ildo garrantzitsuenen artean daude “bakarrik bizi nahi ez duten adinekoentzako etxebizitza alternatiba eskaintzea” eta “beharra dutenen gizarte-babesa bermatzea”. “Herriko merkataritza eta ostalaritza sustatzea” ere nabarmendu dute.

Koronabirusa eta konfinamenduaren inguruko bizipenak

Atal honetan nabarmentzekoa da % 24,2k adierazi duela nahiko gaizki edo oso gaizki moldatu direla etxeko konfinamendu-aldian.

Koroabirusaren harira hartutako neurrien artean ezagunenak izan dira “adinekoei banan bana etxera deitu eta laguntza eskaintzea” (inkestatuen % 81,7k du horren berri) eta “kontsumorako bonuen” ekimena (% 80k ezagutzen du).

Txostena hemen deskarga daiteke.