Udalak kolaborazio hitzarmen bat sinatu du Eusko Jaurlaritzarekin etxebizitza hutsen merkaturatzea sustatzeko

Errenteriako Udalak kolaborazio hitzarmen bat sinatu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailarekin etxebizitza hutsen merkaturatzea sustatzeko eta horien beharra duten bizikidetza unitateei zuzentzeko.

Zehazki, Bizigune, Etxebizitza Hutsen Programaren eta ASAP (Alokairu Segurua, Arrazoizko Prezioa) programaren bidez egingo da. Horrela, etxebizitzak modu seguru batean alokairuan emateko aukera izango dute jabeek.

Hori horrela, hemendik aurrera ZU! Zure Udala arreta zerbitzutik informazioa eskainiko zaie interesa duten pertsonei, etxebizitzen jabeei zein eskatzaileei, eta aipatutako programetan parte hartzea sustatuko da.

Bizigune programa

Bizigune, Etxebizitza Hutsen Programaren helburua hutsik dauden etxebizitzak eskuratzea eta alokairu babestuaren bidez merkaturatzea da.

Programa horren bidez, erabilera soziala eman nahi zaie hutsik dauden etxebizitzei, etxebizitza duin bat arrazoizko prezioan lortu ahal izan dadin.Beren baliabide ekonomikoekin merkatu librean sartzeko aukerarik ez duten pertsonei zuzenduta dago.

Hutsik dagoen etxebizitzaren jabeak Eusko Jaurlaritzaren ALOKABIDE Sozietate Publikoaren esku uzten du etxebizitza hori usufruktu-kontratu baten bidez, ezarritako hainbat bermeren truk. Aldi berean, ALOKABIDEK ETXEBIDE Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuan izena eman duen eskatzaile bati esleituko dio etxebizitza, eta eskatzaileak bere diru-sarreren araberako alokairu bat ordainduko dio ALOKABIDERI.

ASAP programa

ASAP (Alokairu Segurua, Arrazoizko Prezioa) programaren helburu nagusia titulartasun pribatuko etxebizitza hutsak merkatuan errentarientzako arrazoizko prezioan alokagai ipintzea da.

Programa horretan parte hartu ahal izateko Etxebideko Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan inskribatuta egon behar duzu.

Etxebizitza hutsen jabeek programan parte hartzea sustatzeko, aseguru-polizen bidezko berme-sistema bat ezarri da, ez-ordainketak, kalteak eta laguntza juridikoa barne hartzen dituena.

Jabeei eskainitako bermeen trukean, Eusko Jaurlaritzak alokairuen gehieneko errentak finkatuko ditu, merkatu librean baino prezio baxu eta lehiakorragoak bermatuz.