Udalak lehiaketa atera du Fanderiako Errota Interpretazio Zentroko taberna-jatetxearen kudeaketa esleitzeko

Fanderiako Errotaren eraikinean birgaitze-lanak egin ondoren, Udalak erabaki du berriz ere lizitaziora ateratzea prozedura ireki bidez bertako taberna-jatetxeko ostalaritza-kudeaketa.

Berritasun nagusia da Udalak berreskuratu duela eraikin publikoak lehen ere izan duen erabilera soziala eta ingurumenaren baitakoa, ibaiaren interpretazio-zentro bihurtu baitu. Bertan, ingurumenaren eta kulturaren inguruko jarduerak burutuko dira Oiartzun ibaiaren inguruneko paisaiaren ekintza planaren baitan: hitzaldiak, bilerak, mintegiak eta ikastaroak, aurkezpenak, erakusketak, proiekzioak…

Hartara, kontratua sei urterako izango da, urtebeterako luzatzeko aukerarekin bederatzi urte bitarte, eta 6.000 euroko hasierako kanonarekin.

Udalak inbertsioa egin du ostalaritzako hainbat ekipamendu jartzeko, eta esleipendun suertatzen den enpresak horiek osatzeko aukera izango du.

Kontratua esleitzeko irizpide nagusiak izango dira, proposamen ekonomikoaz gain, ezarriko den jatetxe-proiektua; produktu ekologikoak, beganoak, osasungarriak, bertakoak, artisauak eta errespetuzko produkzio-sistemetatik datozenak erabiltzea, edo bizikleten alokairua eskaintzeko konpromisoa.

Eskaintzak aurkezteko azken eguna da abuztuaren 6a eta informazio gehiago eskura daiteke https://errenteria.eus/zu/kontratatzailearen-profila/plataforma-ej/ webgunean, 943 449 608 telefono-zenbakian edo kontratazioa@errenteria.eus posta elektronikoko helbidean.