Udalak Madalenen balorazio positiboa egin du

EMKE Bandak Zumardian eskaini zuen kontzertuak eman zien atzo amaiera 2022ko Madalenei eta gaur, hilak 26, Udalak jai egunen gaineko balorazioa egin nahi izan du.

Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi izan dizkie 2 urtetako etenaldiaren ondoren, Madalenak berriro ere ospatu ahal izateko lanean aritu diren eragile eta herritar guztiei; izan ere, euren ahalegin eta inplikazioari esker izan baita jaiez gozatzeko aukera.

Adin guztietako herritarrei zuzendutako ehunka ekintzatik gora izan dira egunotan eta, eguraldia lagun, guztiak ere giro ederrean gauzatu direla azpimarratu dute Udaletik. Horien guztien lekuko diren argazkiak herritarren eskura jarri dituzte, dagoeneko, ondorengo estekan ikusi edo, hala nahi izanez gero, deskargatzeko: lainoa.errenteria.eus/s/wAZTmexyWRxLKKN

Herritarren partehartzeari ere erreferentzia egin nahi izan diote: errenteriarrek herriko kaleak hartu dituzte eta gogoz eta ilusioz erantzun diote jai giroari.

Halaber, udal arduradunen hitzetan, herritarrek herri honekin eta elkarrekiko duten konpromisoa berritzeko egunak direla agerian geratu da. Gainera, esan dute, herri moduan jaiak berdintasunean eta aniztasunean ospatzeko nahia nabarmena izan dela eta hori benetan dela pozgarria.

Amaitzeko, festarako eta atsedenerako eskubideak uztartzeko zailtasunen aurrean herritarrek erakutsi duten ulermena balioan jarri nahi izan dute.
Hau guztia kontuan hartuta, 2022ko Madalenen balorazio ezin positiboagoa egin du Udalak.

Hau guztia kontuan hartuta, 2022ko Madalenen balorazio ezin positiboagoa egin du Udalak.