Udaltzaingoak erregistratutako delituek behera egin dute

Ezkerretik eskuinera: Maite Gartzia, alkateordea; Mikel Amenabar, Udaltzaingo Burua; Aizpea Otaegi, alkatea; eta Bernar Lemos, Segurtasun zinegotzia.
  • 2018an, Errenteriako Udaltzaingoak 603 delitu erregistratu zituen; 2019an, 470; eta 2020an, 414
  • Ertzaintzaren 2020ko datuen zain, 2019ra arteko datuek erakusten digute Errenteriako arau-hauste penalen tasa 1.000 biztanleko, EAEkoa eta Gipuzkoakoa baino baxuagoa izan dela

Urtero, bai Errenteriako Udaltzaingoak eta bai Ertzaintzak ezagutzen dituzten delitu penalen zifrak argitaratzen dituzte.

Ertzaintzak oraindik 2020ko datuak argitaratu ez baditu ere, 2019 eta 2018ko datu konparatiboek erakusten digute Errenteriako arau-hauste penalen tasa 1.000 biztanleko, EAEkoa eta Gipuzkoakoa baino baxuagoa izan dela.

• 2018an Errenteriako arau-hauste penalen tasa 30,82koa izan zen, Gipuzkoakoa 32,24koa eta EAEkoa 40,22koa.

• 2019an, berriz, Errenteriako arau-hauste penalen tasa 29,64koa izan zen, Gipuzkoakoa 33,74koa eta EAEkoa 41,86koa.

Beraz, datuek erakusten digute Errenteria, konparatiboki, herri segurua dela.
Edonola ere, herritarren kezka nagusien artean dagoen neurrian, Udalak garbi du beharrezkoa dela herritarrek duten segurtasun sentsazioa hobetzea, ongizatearekin oso lotuta baitago.

Horretarako, orain arte bezala, bere ahalegina prebentzioaren esparruan jartzen jarraituko du Udalak, bereziki garrantzitsuak direlarik Gizarte Zerbitzuen ikuspegitik egiten den lana, Berdintasun Arlotik eta Emakumeen Etxetik egiten dena, Udaltzaingoak egiten duena eta herriaren eta auzoen diseinu egoki bat izan dezagun Hirigintzatik eta Hiri Mantenutik egiten dena.

Erregistratutako delituen kopuruaren beherakada

2018 eta 2019 urteen artean, bi poliziek beherakada erregistratu zuten (guztira 176 delitu gutxiago erregistratu ziren), eta 2020ko Ertzaintzaren datuak noiz argitaratuko zain, Udaltzaingoak 414 delituren berri izan du, aurreko urtean baino 56 gutxiago eta 2018an baino 189 gutxiago, orduan Udaltzaingoak 603 delituren berri izan baitzuen.

Delituak 8 multzo handitan banatzen dira tipologiaren arabera: giza hilketa eta haren formak, lesioak, tortura eta osotasun fisikoaren aurkakoak, sexu-askatasunaren aurkakoak, ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkakoak, ordena publikoaren aurkakoak eta beste arau-hauste penal batzuk.
Azken hiru urteetan Udaltzaingoak ez du hilketarik, torturarik eta osotasunaren aurkako deliturik erregistratu.

Sexu-askatasunaren aurkako delituei dagokienez, 2019an eta 2020an bina erregistratu ziren, 2018an baino bat gehiago, orduan mota horretako delitu bat erregistratu baitzen.

Lesioengatiko delituek gora egin dute 2020an 2019ko datuekin alderatuta, 15etik 21era. 2018an baino puntu bat gutxiago, orduan 22 izan baitziren.

Ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkako delituetan sartzen dira ebasketak, lapurretak, kalteak… Mota horretako delituen kopurua nabarmen jaitsi da azken urteotan: 2018an 491 izan ziren, 2019an 381 eta 2020an 332.
Segurtasun kolektiboaren aurkako delituei dagokienez (besteak beste, droga-trafikoa eta alkoholaren, drogen eta abarren eraginpean gidatzea), kopuruak behera egin du azken urteotan. 2018an mota horretako 51 delitu izan ziren, 2019an 35 eta 2020an 28. Ia delitu guztiak aipatutako substantzien eraginpean gidatzeagatik izan ziren.

Bestalde, iaz ordena publikoaren aurkako 8 delitu erregistratu ziren. 2018an eta 2019an, aldiz, ez zen horrelako deliturik erregistratu.

“Beste arau-hauste penal batzuk” multzoari dagokionez, horretan ere beherakada egon da, 2018an 38 izan baitziren delituak, 2019an 37 eta 2020an 23.