Zaurgarrienen zaintza bermatzeko ekimen komunitarioa abian da

Osasun-krisi larria gertatzen ari da, sekula orain arte hartu gabeko neurriak hartzera behartu gaituena. Etxean egoteko agindua dute, bereziki, bi kolektibok: haur eta gazteek, birusaren eroale eraginkorrenak direlako, zein adineko pertsonek eta gaixo kronikoek, gaixotasunaren aurrean ahulen edo zaurgarrien direlako.

Baina etxean isolatuta egoteak bere zailtasunak ditu. Ezin da jakin zenbat egunetan egon beharko dugun horrela eta jan-edatekoa, botikak edo premiazko bestelako gaiak eskuratzeko beharra izan dezakegu. Emozionalki ere ez da erraza jendearekin harremanik izan gabe hainbeste egunetan etxean egon behar izatea.

Egoera honek sortu edo areagotu dituen premia horiez jabetuta, eta hainbat eta hainbat herritarrek lan komunitarioa egiteko adierazi duten nahi eta borondatea kontuan hartuta, Errenteriako Udalak bi ekimen jarriko ditu martxan herritarrekin lankidetzan:

– Udaleko 010 eta 943 449 600 telefonoak erabili ahal izango dira erosketak, botikak edo lehen premiako bestelako gaiak etxera eramateko eskaera egiteko.

– 70 urtetik gorako herritarrei etxera deituko zaie zer moduz dauden eta zein egoera duten jakiteko, babes emozionala emateko eta etxera zerbait eramatea behar duten galdetzeko.

Bi ekimen horiek aurrera eramateko, behar beharrezkoa da, udalaren baliabideez gain, herritarren borondatezko lana, nagusiki bi lan egiteko: herritarrei deitu eta beharren eskaerak jaso 010 eta 943 449 600 zenbakien bidez. Etxeetara banaketa Babes Zibileko kideek egingo dute, beraiek direlako behar bezala babesteko baliabideak dituztenak.

Horregatik, boluntario izan nahi duten horiek izena ematera animatu nahi ditu Udalak honako loturan dagoen fitxa betez: www.errenteria.eus/boluntariotza.

Amaitzeko, Udalak eskatu nahi die herritar guztiei 010 eta 943 449 600 telefonoen bidez emango den zerbitzuaren berri zabal dezatela euren inguruan. Era berean, Udalak eskertu nahi du borondatezko lanean jardungo diren herrikideen prestasuna eta oro har, krisi honen aurrean herrikideak erakusten ari diren ardura-maila.