ZU! zerbitzuak Udalak herritarrei ematen dien arreta hobetu du eta 49.000 pertsona artatu ditu urtebetean

Urtebete betetzear da ZU! Zure Udala leihatila bakarreko zerbitzua txertatu zenetik, herritarrari arreta emateko modua nabarmen hobetu duen zerbitzua.

Errenteria 2025 Plan Estrategikoak bere egiten zuen lan ildoetako bat ongi konektatutako herri bat sortzea zen. Erronka honek, beste hainbat aspektuz gain, Udalak herritarrekin erlazionatzeko erabiltzen duen antolaketa eredua eta sistema telematikoa birpentsatzera behartzen zuen.

Hausnarketa horretatik jaio zen herritarren arreta zerbitzu integral bat abian jartzeko beharra eta proiektua. Hiru ardatzetan hasi zen lanean Udala: egin daitezkeen 210 tramite baina gehiagoren inbentariatze lana, arrazionalizazioa eta sinplifikazioa; garapen informatikoa eta inbertsio teknologikoak; eta Udala barrutik egokitzeko lanak; azkenik ZU! zerbitzuak izango zuen espazioko obrak egiteko. Horrela, bi urteko barne-lanaren ondoren, errealitate bilakatu zen ZU! Zure Udala 2018ko otsailaren 19an.

41.500 arreta baino gehiago artatu dituen leihatila bakarreko zerbitzu erreferentziala, azkarra eta erraza

ZU! Zure Udala herritarrentzat erreferentziazko puntua da, lehiatila bakarra errealitate bilakatu baita, eta ia-ia edozein tramite administratibo bideratu ahal baita puntu bakar batetik modo oso erosoan.

Urte beteko ibilbideak oso datu esanguratsuak eman ditu. 41.500 arreta presentzial baina gehiago eta 7.500 erantzundako dei.

Itxaron denborari dagozkion datuak ere baikorrak dira. Esaterako, aurtengo urtarrileko batazbestekoa 3 minutu eta 48 segundokoa izan baita.

Gainera, urte honetan zerbitzua ere zabaltzen joan da Udala, herritarrentzat tramite administratiboak errazago bilakatuz. DGTarekin hitzarmen bat izenpetu zen helbide aldaketak egin ahal izateko, Mugi txartela tramitatu daiteke edo eta Famili Gunea espaziorako izen ematea ere bertan egin daiteke.

010 markatze azkarreko telefono zenbakia ere jarri da martxan urte honetan. Telefono hau arreta presentziala ematen duten profesional berdinek erantzuten dute. Horrela, telefonoz ematen den kalitatea presentzialki ematen denaren parekoa da.

Beraun auzora zabalduko da zerbitzua bertan bulego bat irekiz

Zerbitzuak auzoetara hurbiltzeko prozesuan beste pausu bat emanen da eta ZU! Zure Udala arreta zerbitzuko bulego bat irekiko da Beraun auzoan. Momentu honetan erabat eraberritzeko lanetan ari den lehengo eskolaurrean ezarriko da bulego hau. Eskolaurrea kultur-etxe bihurtuko da eta, horretaz gain, beraz, Udaleko bulego bat izanen du bertan.

Bulego horretan Udalean egin daitezkeen tramite guztiak egin ahal izanen dira eta udaletxean egun dauden profesionalek emango dute zerbitzua, bertan emango den kalitatea bermatuz.

Erabaki hau pertsonen ibilbideak eta bertako biztanleriaren dentsitatea aztertu ondoren hartu da. Gainera, espero da ez soilik Beraungo pertsonei ematea zerbitzua, baizik eta inguruan dauden auzoetako bizilagunei ere bai.