Historia

Historiaurreko aztarnak badaude ere, 1320. urtean eskatu eta lortu zuten hiri agiria Oiarso bailarako biztanleek. Ondorioz, Villanueva de Oiarso izeneko hiribildua sortu zuten aurretiaz Orereta izena zuen gunean.

1491n Villanueva de Oiarsok Renteria izena hartu zuen ofizialki. Itsas-merkataritza gaien udal- eta errege-tributuen ordainketan datza izen berriaren jatorria, Errenteria errentak ordaintzeko lekua baitzen.

Ordura arte portu- eta merkataritza-hiria izandakoak portuaren gainbehera jasan zuen Aro Modernoan. Horrek beheraldi motel bat eragin zuen herriaren merkataritzan eta itsas-jardueretan.

Garai horretan gertatu ziren, aldiz, lehen industria asentamenduak eta baserriaren sendotzea.

Itsas-jardueraren gainbehera ikusirik, udalerriaren ahaleginak jarduera berri baterantz zuzendu ziren XIX. eta XX. mendeetan, industriarantz, alegia. Herrian fabrika berriak sortu zituzten, eta gehienak hirigune historikotik gertu eraiki zituzten. Azpiegiturek, halaber, garapen handia izan zuten garai horretan.

Hedatzen ari zen hiriguneaz kanpo, landa-inguruneak desamortizazio prozesuak jasan zituen, eta horren ondorioz baserri berriak sortu ziren.

Une horretarako paisaiak hiru osagai nagusi zituen, gaur egun irauten dutenak: industria, baserria eta basoa. Momentu horretan industria-jarduerekin loturiko populazioa hedatzen ari zen, baserrietako populazioarekin batera, eta horri gehitu behar zaio baso aberatsaren iraupena.

Hiri-garapenak ere itxuratu du Errenteriako oraingo ingurunea. Industria-garapenarekin hiri-eremuek garrantzi handia hartu zuten, giza populazio handia izateaz gain, lurraldearen gainerako guneei nagusitzen baitzaizkie.