Udalak larrialdi plana osatu du G7koen goi-bilerak eragin ditzakeen auto-pilaketen inguruan

Trafikoaren mantsotzeak are gomendagarriagoa egiten du garraio publikoa erabiltzea

Babes Zibilarekin, Gurutze Gorriarekin eta SOS Deiak erakundearekin koordinatuta, Errenteriako Udala lanean ari da aurre egiteko abuztuaren 23, 24 eta 25ean herriaren inguruko autopistetan gerta daitezkeen auto-pilaketen ondorioei. Miarritzen (Lapurdi) egingo duten G7koen goi-bileragatik mugaren inguruan harturiko segurtasun neurriek eragin ditzakete aipatu pilaketak.
Larrialdietarako arduradunek adierazi dutenez, auto pilaketak, batez ere, AP-8, AP-1 eta GI-20 errepideetan gerta daitezke, eta baita horien alternatiba gisa erabil daitezkeen errepideetan ere, bereziki, GI-636 errepidean.
Hori dela eta, Errenteriako Udalak herritarrei gomendatzen die egoera honek irauten duen bitartean ibilgailu pribatuak ezinbestekoa denean bakarrik erabiltzea. Hau da, autobus urbanoa erabiltzea herri barruan; eta, herritik kanporako bidaietarako topoa zein Renferen aldiriko trena erabiltzea; izan ere, hauek izango baitira eragin txikiena jasango duten garraio bideak.
Era berean, Errenteriako Udalak hainbat eraikin jarri ditu larrialdi-plan honen mesedetan. Hartara, Belabaratz aterpea, eta Agustina Otaola pilotalekua zein ondoko tenis pista harrera guneak izateko prest dauzkate larrialdi arduradunek behar bezain azkar erabili ahal izateko. Hori dela eta, ekipamendu hauek astelehenera arte ezin izango dira erabili ohiko jardueretarako.
Horrez gain, larrialdi egoerak derrigorrezkoa eginez gero, autokarabanarekin bidaiatzen dutenek Lousadan aparkatu ahal izango dute egun horietan.