Deseskaladan zehar aplikatzeko tokiko ostalaritzarako protokoloa sortu du Udalak, terraza kopurua eta bizilagunek espazio publikoarekiko duten eskubidearen artean elkarbizitza bermatzeko

Krisi honetan ostalaritza oso sektore kaltetua denez, eta ekonomia suspertzeko prozesuaren baitan, Errenteriako Udalak tokiko ostalaritzarako protokoloa sortu du. Protokoloa 30 kide baino gehiago dituen Ostari Errenteriako Ostalaritza Elkartearekin adostasunez garatu du Udalak.
Zentzu honetan, tabernei aurrera egiten lagunduko dien planteamentua garatu da baina, era berean, planteamentu honen bidez mahai kopurua mugatu da espazio publikoaren erabilera ere bermatzeko herritarrei. Oreka horri erantzuten dio protokoloak.
Bizikidetza hori bermatzeko, beste urrats garrantzitsu bat ere eman da, tabernek beren lokaletan ikusteko moduan jarriko baitute zenbat mahai jar ditzaketen.

Horrela, tabernari, herritar eta Udalaren espazio publikoaren kudeaketa partekatuari bide ematen zaio bakoitzaren eskubide eta mugak errezago ikusaraziz.
Ordutegiari dagokionez, terraza eta tabernek ohiko ordutegia berreskuratu dezakete. Honek ez die eragiten gauez irekitzen diren establezimenduei; izan ere hauek ezin izango baitituzte ateak zabaldu 3. fasera arte.
Terrazei dagokionez, alarma egoeran baimendutakoak baino mahai gehiago instalatu ahal izango dituzte establezimenduek hala eskatuz gero, eta betiere oinezkoentzako espazioak eta inguruak horretarako aukera ematen badu.
Ondorengo koadroa izango da kontuan horretarako:

Handitu daitekeen mahai kopurua eta kokapena zehazteko Udaleko teknikarien laguntza eska dezakete ostalariek. Horretarako Hirigintza Sailera eta Zu! Zerbitzuarekin harremanetan jarri beharko dira interesdunak.

Aldiz, mahai kopurua handitzeko eskaerarik egiten ez bada, mahaien %50a jarri ahal izango dituzte soilik.
Halaber, ezingo dituzte jarri itxaroteko mahaiak, upelak, edo pasabidea eta irisgarritasuna eragozten dituzten elementuak.
Ostari Errenteriako Ostalaritza Elkarteak protokoloa onuragarritzat jo du, “orain arte erabiltzen dugun mahai kopurua handitzea ahalbidetuko duela kontuan hartuta”. Bestalde, terrazen erabiltzaileei egoera zein den ulertzeko eta lana ahalik eta ondoen egiten laguntzeko eskatu die. Azkenik, ostalarien erantzukizuna eskatu dute, “Horrelako egoera delikatuan arauak betetzeko”.