Udalak martxan jarri ditu 2021 urteko Enplegu Planak

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Fernando Nebreda, Oarsoaldea Garapen Agentziaren zuzendaria; Aizpea Otaegi, Errenteriako alkatea; Alazne Korta, Giza Baliabideetako zinegotzia, eta Patxi Arrazola, Oarsoaldea Garapen Agentziako Enplegu Sailaren zuzendaria.

• Lan eskaintzak Lanbideren web orrian azaltzen hasi dira

• Edozein planetan sartzeko, beharrezkoa izango da Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa alta emanda egotea

• Gazte Enplegu Planaren kasuan, baita Gazte Bermea Sisteman ere

Errenteriako Udala lanean ari da bi enplegu planetan: Enplegu plan Orokorra eta Gazte enplegu plana. Eskainiko diren 41 lanpostuen eskaintzak Lanbideren web orrian dagoeneko eskuragarri daude.

Hori da aurten garatuko diren enplegu-planen lehen zatia; izan ere, datozen asteetan jarriko da abian Berpiztu programaren baitan planteatu den deialdia, eta deialdi horretan bideratuko dira kontratazio pribaturako laguntzak. Plan horretan 96 kontratazio sustatzea aurreikusten da inguruko enpresetan. Hortik aparte, 20 kontratazio publiko gehiago egiteko aukera ere egongo da. Enplegu-plan horiek Lanbideren dirulaguntzari eta Oarsoaldeko udalen ekarpenari esker egin ahal izango dira.

Hala ere, Udalak ez du Enplegu Plan Orokorra eta Gazte Enplegu Plana martxan jartzeko prozesua atzeratu nahi izan, eta horregatik daude dagoeneko eskuragarri.

Bi enplegu plan hauek Lanbideren bidez gauzatuko dira. Era berean, erakunde horrek bi plan hauen zati bat finantzatuko du, eta horien exekuzioa udalak egingo du Oarsoaldea garapen agentziarekin batera.

Langabetuei bideraturiko postuak eskainiko dituzte planek; honenbestez, eskatu ahal izateko ezinbestekoa izango da Lanbide enplegu zerbitzuan alta emanda egotea.

Langabeziaren kopuruak jaistea baino harago, aipatu planek hiru helburu zehatz dituzte: Errenterian bertan zein eskualdean enplegua sustatzea; langabetuei lan-merkatura sartzen laguntzea; eta, azkenik, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen enplegagarritasuna handitzea.

Errenteriako Udalak sustatzen dituen plan hauei esker egingo diren kontratazioak erakundean bertan ez ezik, Hirugarren Sektoreko eragileekin lankidetzan ere egingo dira. Izan ere, elkarlan hau dela-eta nekazaritza alorrean lau kontratazio gauzatzeko asmoa baitago. Gogoratu behar da, testuinguru honetan, sektore publikoa eta enpresa pribatuak ez diren eragileek osatzen dutela Hirugarren Sektorea.

Udalak hautaketa prozesuak Oarsoaldea garapen agentziarekin batera egingo ditu, eta, lanpostuaren arabera, lau eta hamabi hilabete artekoak izango dira.

Enplegu Plan Orokorra eskualde mailan

Plan orokorrak 63 lanpostu eskainiko ditu eskualde osoan: 58 arlo publikoan – horietatik 31 Errenteriako Udalean, bost Oarsoaldea Garapen Agentzian eta gainontzekoak beste udaletxeetan – eta lau Hirugarren Sektorean.

Errenteriako Udaleko Hiri Mantenuan jardungo duten ofizial eta peoiak honako lanbideetakoak izango dira: elektrikariak, igeltseroak, errementariak, margolariak, garbitzaileak, lorezainak.

Errenteriako Udaleko bulegoetan jardungo duten langileak, berriz, administrari-laguntzaileak, dinamizatzaile bat eta delineatzaile bat izango dira.

Ezinbesteko baldintzak izango dira Oarsoaldeko lau herrietako batean erroldatuta egotea eta Lanbiden altan agertzea. Era berean, kontratazioetan hainbat kolektibo lehenetsiko dira, hala nola:

• Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) titular edo onuradun diren pertsonak

• 45 urtetik gorako pertsonak eta 35 urtetik beherakoak

• Iraupen luzeko langabetuak

• Gizarte-bazterketa jasateko arriskua duten pertsonak

• Familia-erantzukizunak dituzten emakumeak

• Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak

Edonola ere, kontratatutakoen % 40, gutxienez, emakumeak izan beharko dute, kontratatutakoen % 15, gutxienez, 55 urtetik gorakoak izan beharko dute, eta % 30, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) jasotzen duten pertsonak.

Aurtengo berritasun nagusia Enplegu Plan Orokorrean egingo den akonpainamendu ekintzetan datza. Horrela, esparru publikoan lana lortzeko zailtasun gehien dauzkaten kolektiboen kontratazioak planteatzeaz gain, kontratazio garaian zehar hainbat akonpainamendu ekintza egingo dira, zehazki:

• Pertsona bakoitzaren enplegagarritasun diagnostikoa

• Enplegu teknikari baten akonpainamendua eta ebaluazioa kontratazioan zehar

• Zeharkako konpetentziak lantzeko 25 orduko prestakuntza; komunikazioa, gatazken kudeaketa, enpatia, talde-lana, auto-ezagutza, etabar.

Gazte Enplegu Planaren ezaugarriak

Gazte Enplegu Planean Errenteriako Udalak hamar lanpostu eskainiko ditu:

• Harreragile bat

• Bi administrari

• Digitalizatzaile bat

• Informatikari bat

• Gizarte langile bat

• Komunikazio alorreko langile bat

• Arkitekto-tekniko bat

• Erdi mailako bi teknikari

Hamar lanpostu hauek Errenterian erroldatuko gazteei bideraturikoak dira.

Plan honetako lanpostu hauek eskuratzeko baldintzak hauek dira:

• 30 urtetik beherakoa izatea

• Errenterian erroldatuta egotea

• Lanbiden alta emanda egotea

• Gazte Bermea Sisteman alta emanda egotea

Era berean, gazteentzako planean ere, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) titular edo onuradun diren pertsonak lehenetsiko dira.

Planen epeak eta baldintzak

Udalak egingo dituen lan kontratazioak datozen hilabeteetan gauzatuko dira, zehazkiago azaroaren bukaeratik abenduaren 31 bitartean hasi beharko lirateke. Horietarako hautaketa prozesuak datozen asteetan hasiko dira.

Edozein planetan parte hartu ahal izateko, ezinbesteko baldintza da Lanbiden, hau da, Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu eskatzaile gisa alta egoeran agertzea.

Lehenago aipatu den moduan, Gazte Enplegu Planean parte hartzeko, aurrekoaz gain, Gazte Bermea Sisteman inskribatuta egotea ezinbestekoa izango da. Udal arduradunek baldintza hauen garrantzia nabarmendu nahi izan dute, eta gogoratu dute aintzat hartu behar direla Lanbideren tramitazioak egiteko epea.

Hori dela-eta, beren egoera zein den konprobatzea eta, beharrezkoa izanez gero, alta emateko tramitazioa hastea gomendatu diete aipaturiko planetan interesa duten herritarrei.

Informazio gehiagoren beharrean dagoenak Oarsoaldea Garapen Agentziara, Udaleko web orriko Enplegu Eskaintza Publikoaren atalera zein ZU! Zure Udala arreta zerbitzura jo ahal izango du.